Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak biltzen dituen lege proposamena onartu du Nafarroako Parlamentuak. PPN eta UPNk kontra bozkatu dute eta gainontzeko alderdi guztiek alde: PSN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta Geroa Bai-k.
Etxetik kaleratuak izateko arriskuan dauden herritarren kasuan, Gobernua etxebizitza hauen kargu egin ahal izango da hiru urtez. Epe horretan, kaleratua izateko arriskuan zena bertan bizi ahal izango da, diru-sarreren %25a gainditzen ez duen alokairua ordainduz. Hutsik dauden etxebizitzen errolda ere egingo dute; hiri-kontribuzio zerga bikoitza ordaindu beharko dute alokairuan ez dauden etxebizitzek.
Victor Rubio Bilduko ordezkariak dioenez, egunean bi etxe-kaleratze egiten dira Nafarroan eta 35.000 etxebizitza huts daude. Bere hitzetan: “Etxebizitza politika aldatzeko garaia da”. Parlamentuek “egiazko arazo honi” irtenbideak bilatzea “herritarren presioaren” ondorioa da, Xabier Lasa Aralar-NaBai-ko parlamentariaren arabera.
Aldiz, PPNko Eloy Villanuevak legea “zentzugabea” dela eta alde bozkatu dutenak hauteskundeei begira ari direla uste du. Maribi Castillo UPNko politikariak legea “alferrikakoa eta demagogikoa” dela salatu du.