argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza erosteko Jaurlaritzaren abala azken buruan “diru publikoa banketxeei” ematea dela kritikatu dute LABek eta EH Bilduk
  • 18 eta 39 urte arteko herritarrei lehen etxebizitza erosten laguntzeko Eusko Jaurlaritzak berak finantzaturiko abala iragarri berri duen honetan, soluzioa ez dela hori kritikatu dute bai LABek, bai EH Bilduk. Dagoeneko dauden eraikinak aprobetxatu eta prezioak jaitsi ordez, neurri honek banketxeetara diru gehiago bideratzea eta espekulazioa elikatzen jarraitzea dakarrela iritzi diote.

ARGIA @argia 2025eko uztailaren 09a
Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politika salatzeko elkarretaratzea egin du LABek. LAB

144 milioi euroko abal lerro bat onartu du Jaurlaritzak. Helburua, finantza erakundeek edo bankuek normalean ordaintzen ez duten etxebizitzaren kostuaren %20 hori finantzatzea, lehenengo etxea erosi nahi duten 18-39 urteko biztanleei. Hainbat baldintza ditu neurriak, abala jaso ahal izateko.

“Etxebizitza politika okerra” dela uste du LAB sindikatuak, eta elkarretaratzea egin du azken neurria salatzeko. Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak kritikatu du “arazoa okertuko” duela: “Bizi dugun larrialdi egoerari beste eraikuntza ziklo batekin erantzun nahi dio gobernuak, eta, hartutako norabidearekin, arazoa are gehiago okertuko du, konpondu beharrean”.

Gazteak emantzipatzeko dirulaguntzekin konparatu du abala: gazteentzako dirulaguntza horiek “errentatzaileen esku amaitzen dute”; bada, abalen lerroa “banketxeei diru publikoaren transferentzia egiteko erabakia da”. Are, “suari gasolina gehiago botatzea” dela gehitu du: “Merkatuko prezioek igotzen jarraituko dute, eta banketxeek, langileen hipoteken bidez gehiago aberasten”.

LABek alegazioak aurkeztu dizkio neurriari, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela argudiatuta. Legeak dio diru publikoa bideratu behar dela alokairu sozialera eta etxeak birgaitzera, baina abal lerro honen bidez, diru publikoa “erosketa sustatzera” bideratuko da.

EH Bilduk ildo beretik kritikatu du neurria. “Finantza erakundeei mesede egiten dien eta merkatu espekulatiboa elikatzen duen” banku politika baten ondorio dela dio. Bankuek “arriskurik gabeko negozio bat ziurtatzen dute”, eta izatekotan, arriskuan jartzen direnak funts publikoak dira, ordainketak burutzen ez badira. “Eredu horretan, irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu egiten dira”, salatu du koalizioak.

“Prezioak jaitsi”

Bestelako etxebizitza politika bat aldarri, LABek hainbat neurriren premia jarri du mahai gainean. Sindikatuaren esanetan, prezioen “etengabeko igoerari galga jartzeko” eta prezioak jaisteko “berehalako neurriak” behar dira, baita parke publikoa handitzekoak ere, “baina parkea ezin da soilik etxe berriekin osatu, dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira”.

EAE osoa tentsio gune izendatzeko eskatu du LABek, baita prezioen indizea berehala publikatzea ere.