Alokairu sozial bat lortzeko eskubideaz gain, pertsona orok etxebizitza duina, segurua, erosoa eta oinarrizko zerbitzuekin erabiltzeko duen eskubidea ere aldarrikatu dute.
Argilan, Argitan, Baietz Basauri, Brujas y Diversas, Danok Lan, Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos eta PAH Bizkaia dira kontzentrazioan parte hartu duten eragile sozialak.
Asteartean goizeko 10:30ean abiarazi zuten baraualdia eta ostegunean 17:30ean bukatu dute Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin bilera eginez. Bertan, plazaratutako manifestua entregatu diote sailburuari.
Epe laburrean indarrean sar daitekeen Etxebizitza Legea eta legea garatzen duten dekretuak "murriztaileak" direla gogoratu dute Bizkaiko hainbat gizarte eragilek orain baino lehen. Ekimenarekin bat eginez berriro ere murrizketa horiek salatu dituzte. "2015ean Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren onuradunetatik 30.000 familiari eragingo liokete murriketek, Lanbidek kudeatuta, eta Gizarte Larrialdietako Laguntzaren 6.500 eskatzaileri, EAEko udalek kudeatuta".
"Horregatik "Eusko Jaurlaritzak landuta dituen Etxebizitza Legea eta dekretuak indarrean sartuko balira, milaka familia horiek alokairuko etxebizitza batek dituen gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa eskuratzeko eskubidea galduko lukete, Etxebizitza Legearen ondorio den Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berria eskatzeko baldintzak gogortu direlako".
Honekin guztiarekin, baraualdian parte hartu duten kideek etxebizitzaren balorea berreskuratzea "beharrezkoa" dela esan dute, "merkantziaren logikatik kanpo" utziz. Etxebizitzaren arazoari "erantzun kolektiboa" ematea "beharrezkoa" dela uste dute.
Bukatzeko, alokairuen merkatuaren erregularizazioa, alokairu soziala, hutsik dauden etxeen okupazio eta berrerabilpena aipatu dituzte "premiazko ekintza" modura etxebizitza eskubidea bermatzeko.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra