argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza “duina” ez izateagatik ebakuntza ukatu zioten Koldo Arribillagaren heriotza salatzeko mobilizazioa
  • Irailaren 8an hil zen Koldo Arribillaga gasteiztarra, bihotzekoak jota. Osakidetzak uko egin zion bihotzeko balbula aldatzeko ebakuntza egiteari, ebakuntza-oste egokia egiteko etxebizitza “duinik” ez zuela argudiatuta. Astearterako mobilizazioa antolatu dute hainbat eragilek.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 04a
Argazkia: halabedi.eus

Mobilizazioarekin Koldo Arribillaga gogoan hartu eta erakunde publikoen “utzikeria” salatu nahi dute antolatzaileek. “Etxegabetze baten ondoren, familiaren lonja batean bizi zen. Osakidetzak uko egin zion hil ala biziko ebakuntza bat egiteari, ebakuntza ostekoa egiteko etxebizitza duinik ez zuelako, eta udalak ez zion bizitzeko tokirik eskaini. Lanbidek legez kanpoko 9.000 euroko zorra eskatzen zion. Eta udaltzaingoak hilero 600 euroko isunarekin mehatxatu zuen, baldin eta ez bazuen lonja uzten”, horrela laburbildu du bazterkeriaren aurkako ekimen gasteiztarrak Koldo Arribillagaren heriotzarekin amaitu zen gertakarien katea.

Osakidetzako ordezkaritza sindikala ere deitzaile

Kontzentrazioa Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak sustatu du, Osakidetzako ordezkaritza sindikalarekin eta Osasun Publikoa Aurrera Plataformarekin batera. Astearteko arratsaldeko 19:00etan Andra Mariaren plazara bertaratzeko deia egin diete gasteiztarrei, Txiroen aurkako gerra gelditu. Osakidetza, Gasteizko Udala, Etxebide, Lanbide arduradunak lelopean.