2015ean Ortzaizeko operazioan atxiloturiko bost euskal herritarrak epaitu dituzte Parisko auzitegi korrekzionalean. Auzipetuek askotan adierazi dutenez, ETAren armagabetze prozesuan armategia zigilatzeko ardura zuten bi kideri aterpea eman zieten beren etxean beste hiru herritarrek. Bi kideak espetxera kondenatu dituzte, gainerako hirurak ez.
Grazi Etxebehereri 18 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote eta Jeff Mateo eta Terexa Lekunberriri seina hilabetekoa. Ez dira kartzelan sartuko. Iñaki Reta eta Xabier Goienetxeari aldiz, zazpi urteko espetxealdia ezarri diete eta gutxienez bizpahiru urte egin beharko dituzte. Horrez gain, behin kondena beteta Frantziako Estatuko lurrik ezingo dute zapaldu azken biek.
“Bake prozesuarentzako kolpe handia da hau”
ETAk jarduera armatua utzi eta lau urtera jazo ziren Ortzaizekoak. Grazi Etxebeherek Mediabasken esandakoaren arabera, “etsipen handia” izan da epaia: auzian zehar “gure etxean gertatu zenari buruzko bestelako ikuspegia” helarazten saiatu direla dio, baina “duela 30 urte bezala gaude, ez da ezer mugitu. Bake prozesuarentzako kolpe handia da hau”.