Euskarazko pelikulak etxean eta merke ikustea posible izango da Donostian, “Etxean ere zinema euskaraz” ekimenari esker. Udalak, Zinemaldiak eta Euskalbideo bideo klubak jarri dute proiektua martxan, eta eskaintzak abenduaren 31ra arte iraungo du.
Euro bat kostatzen duen txartela erosiz, erabiltzaileek 133 film izango dituzte aukeran 50 zentimogatik alokatzeko. Pelikula guztiak euskaraz egindakoak, euskaraz bikoiztutakoak edo euskaraz azpititulatuak egongo dira.
Gainera, “Etxean ere zinema euskaraz” ekimenean parte hartzen dutenek Zinemaldirako sarrerak lortu ahal izango dituzte: irailaren 1a baino lehen hamar film edo gehiago alokatzen dituztenek Zinemaldirako sarrera bana jasoko dute nahi duten pelikula ikusteko, Belodromokoak eta Sail Ofizialekoak izan ezik. Eta uztailaren eta abuztuaren bukaeran hamar pelikula ikusteko lau bonu zozketatuko dira erabiltzaile guztien artean.
Ekainaren 30ean hasi zen promozioa eta urte bukaerara arte iraungo du. Euskalbideoren webgunean eta dendan bertan (Bergara kalea, 20) eskuragai dauden pelikulak kontsultatu daitezke.