Hego Euskal Herrian 16.165 etxe kaleratze izan dira 2007 eta 2015 urte bitartean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi duenez; guztira 20.417 zeuden aurreikusita.
Etxe kaleratzeen ia erdia Bizkaian izan da, %45,7. Ostera, Araba (%20,5) eta Nafarroa (%18,8) daude; eta azkenik Gipuzkoa, %15.
Duela hiru urtetik, “hipoteka betearazteko prozedura” gisa agindutako kaleratzeen zenbatekoa zehazten du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak; ordutik mota horretako 1.058 etxegabetze izan dira eta 2015ean gora egin zuten: 2014an 375 ziren eta hurrengo urtean 459. 2014ko datuekin alderatuta, %59,4 kaleratze gehiago izan ziren Araban. Nafarroan eta Gipuzkoan ere gora egin zuten, %32,6 eta %16,4. Datuek Bizkaian izan zuten hazkunde txikiena (%4,8).
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ez du zehaztu oraindik burutzeke dauden kaleratzeak bertan behera gelditu diren behin betiko edo etorkizunean aurrera eramango dituzten. Azken urteetan etxe kaleratzeen aurkako plataformak sortu dira eta ekimen ugari antolatu dute, etxegabetzeak saihestu nahian. Zenbait etxe kaleratze geldiarazi dute horrela.