Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak deituta, 80 bat pertsona batu dira larunbatean okupazio ekintzara. Belgikan bizi den abokatu baten bigarren etxebizitzara sartu dira, "ia urte osoan hutsik" dagoena. Bigarren etxebizitzek espekulazioa hauspotzen dutela salatu dute.
Xiberuko Espakulazioaren Kontrako Kolektiboak (XEKK) deituta, bigarren etxebizitza bat okupatu dute larunbatean Zuberoako Etxebarre herrian. "Ezer suntsitzeko asmorik gabe", kontzientzia kolektiboa sortzeko ekintza sinbolikoa izan da ekintzaileen arabera, Kazeta-k jaso duenez. Etxebizitzaren arazoa geroz eta larriagoa dela salatu dute, espekulazioaren eraginez.
Atharratze herrian zuten hitzordua emana 10:00etarako, eta aurretik zehaztu gabe zegoen zein eraikin okupatuko zuten. Etxebarreko Ibarren Borda izan da azkenean; antolatzaileek azaldu dute borda Belgikan bizi den Greenpeaceko abokatu baten bigarren etxebizitza dela, eta ia urte osoan hutsik dagoela.
Deialdira 80 bat pertsona batu dira, eta okupazioaren inguruko Matthieu Quilletten Pied de Biche dokumentala eman ondotik, eztabaidatzeko eta elkar ezagutzeko denbora ere hartu dute. Espekulazioaren aurka luzaroan jardunean dabilen Ostia Sarea ere bertan izan da, babesa emateko eta bizipenak partekatzeko.
Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko kidea ere batu zen okupaziora, eta etxebizitzen garestitzearen aurrean instituzioen arduraren harira, salatu du egungo marko legalek ez dutela ahalbidetzen espekulazioa etetea.
Lapurdin ere egin dituzte okupazio ekintzak azkenaldian; besteak beste, urrian Marienian hiru egunez egindakoa. Zuberoan geroz eta ugariagoak dira lursailen negozioak, eta abuztuan manifestazio jendetsua egin zuten Maulen.