Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.
Ez zaie amaiera hurbilik aurreikusten Etxarri II gaztetxearen desalojoak Errekalde (Bilbo) auzoan harrotutako hautsei: iragan asteko ostiralean hustu zuen espazioa Ertzaintzak, ertzainek han bildutakoen kontra egin ondoren. Bada, astebete geroago, protesta horietan barrabil bat galdu zuen Iker Aranak prentsaurrekoa eman du gaztetxearen aurrean, ertzainek egun horretan erabili zuten "neurrigabeko indarkeria" salatzeko.
"Foam bala batekin nahita zauritu ninduen ertzaina eta operatiboko arduradunak salatuko ditut", iragarri du Irala auzoko (Bilbo) bizilagunak, ehun lagun inguru atzean zituela. 33 urteko gizona jakitun da, ordea, auzibidea "luzea eta gogorra" izango dela, "estatuko instituzioek Polizia babesten" baitute: "Antzeko kasuetan ikusi bezala, gertaerak argitzea eta erantzuleak aurkitzea zailtzen dute".
Ertzaintzaren horrelako "erasoak ez normalizatzeko" helburuarekin, Aranak adierazi du ez duela isiltzeko asmorik. El Correo hedabidearen ere kontatu zuen gertatutakoa: "Aurrez aurre egin zidan tiro, barrabiletan apuntatuta, 30 metro baino gutxiagora. Bizilagun gehiagoren ondoan nengoen, besteak beste, adineko pertsonen ondoan, babes-seinale gisa, modu baketsuan eta istiluetan parte hartu gabe".
Lekukoaren adierazpenak
Aranarekin batera, Susana Ruiz de Tapia Errekaldeko bizilagunak ere hitza hartu du prentsaurrekoan. Ertzainak gizona zauritu zuen unearen lekuko gisa hitz egin du, eta bat agertu da zaurituak kontatutakoarekin: Ruiz de Tapiaren arabera, ez zuen inork espero ertzainek euren aurka joko zutenik, beren inguruan giroa "oso lasai" zegoelako eta ez zelako ezer gertatzen ari. Aranari barrabilera jaurtitakoaz gain, lekukoak azaldu du lekuan zegoen beste gizon bati izterrean eman ziola foam balak.
Bosgarren atxilotuaren berririk ez
Gedar hedabidearen arabera, gaztetxearen desalojoaren aurkako protestetan bost lagun atxilotu zituen Ertzainak: lau hurrengo egunean utzi zituzten aske, baina oraindik ez dago bosgarrenaren berririk. Gainera, hedabide berak jakinarazi zuen atxilotu bat ertzainen furgoiaren barnean "jipoitu" egin zutela, eskuburdinak jarrita zeuzkala eta "erabat babesgabe" zegoela.