Bilboko Udalaren kontrako demanda, Etxarri gaztetxearen "desalojo ilegala dela eta"

  • Bilboko Administrazio Auziko epaitegietan "Errekaldeko Etxarri gaztetxearen aurka Bilboko Udalak aurrera eramandako desalojo jarduketaren kontrako demanda" aurkeztu du Bilboko Okupazio Bulegoak (BOM). Aipatutako demandak "udal jarduketaren baliogabetasunaren aitortza" eskatzen du legeek eta bestelako arauek Udalaren eskuetan uzten dituzten "ahalmenen mugen gainditzea delako".

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko urtarrilaren 25an - 10:38
Ertzaintzak Errekaldeko Etxarri gaztetxea hutsarazi zuen iaz, azaroaren 30ean.

Desalojo jarduketa "larri horri erantzuteko" eta 2016ko abenduaren 13an Tomas Del Hierro Segurtasun zinegotziarekin batera eginiko agerpen publikoan Hiri Plangintza Saileko zinegotzi Asier Abaunzak eginiko "adierazpen lotsagarrien harira", Bilboko Okupazio Bulegoak (BOM) adierazi du "egoera bideratzeko hartu beharreko neurriak hartzeko prest" agertu dela. Hain zuzen ere, gaztetxeko asanblada izan da, Okupazio Bulegoaren bidez, Udaleko Bitartekaritza Zerbitzuekin batera egoera bideratzen aritu dena, gaztetxearen ixte espedientea ireki zenetik. 

Gaztetxeko asanbladako kideak eraikinaren ixtea onartu zuten, eta negoziatzen jarraitzera konpremetitu ziren. Ondorioz, "itzela izan zen sorpresa" iazko azaroaren 30ean Ertzaintza gaztetxea desalojatzeko asmoz bertaratu zenean. Bitartekaritza Zerbitzuek jarduketaren gaineko jakintzarik ez izateak "Udalak bide horri ematen dion balio eskasa erakusten du, kudeaketa eta erabakitze gaitasunak ukatzen dizkiola", Okupazio Bulegoaren arabera.

Ixte agindua bazegoen arren, horrek "ez du desalojoa, ondasunen inkautazioa eta eraikina hormatzea legitimatzen". Espedientean aipatzen den araudiak ez ditu eskumen horiek jasotzen. Ondorioz, BOMen aburuz, jarduketa "erabat ilegala" da. Izan ere, Udalak ez du eskumenik eraikin bat desalojatzeko epaitegietara jo gabe. "Dagokigun kasuan bete ez den premisa", BOMeko abokatuen esanetan. Eta jokabide hori "are larriagoa da" eraikina udal jabetzakoa ez denean, "dagozkion prozeduren bidez berreskura daiteke, baliabide publikoak bere zerbitzura jarri gabe".

Demandan aipatzen denez, "Bilboko Udala bezalako erakunde publiko batek prozedura legalari muzin egin eta horrelako desalojo bat aurrera eramatea ikuspegi juridikotik gertakari oso larria da. Eraikina okupatua dagoen lelopean edozein jokabide. Errealitatean, ordea, titulu juridikorik ez izateak ez ditu eraikina erabiltzen ari direnen eskubideak murrizten. Hau da, okupatuta egon ala ez, eraikinak eta berau erabiltzen duten pertsonak gainontzeko hiritarren berme legal berberak izan behar dituzte".

Horregatik, "lotsagarritzat" jotzen dute arestian aipatutako adierazpenetan Asier Abaunzak bere burua "legalitatearen babesletzat" agertzea. "Gainontzeko alderdi politikoen aurrean legalitatearen barruan mugitzen diren proiektu autogestionatuekin duen balizko elkarlan politika saldu zuen". Abaunzari zuzenduz zera eransten dute BOMetik: "Zinegotzi jauna, legalitatea betetzen ari ez den lehena berorren Udala da. Beraz, ez dugu berorren burua legitimotzat jotzen inori irakaspenik emateko".

Auzitegiek Udalari eraikin okupatu baten kontra "denak ez duela balio" argitzea espero dute Etxarriko asanbladak hainbat proiektu hartzen zituen bere baitan, eta "ilegalki kendu dioten eraikina berreskuratu ahal izatea" espero dute bai BOMeko kideek bai Etxarriko lagunek. Bitartean, Okupazio Bulegoak "okupazioaren zilegitasuna aldarrikatzen" jarraituko du, "kaleetan eta auzitegietan".

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxarri gaztetxea
2020-10-23 | Axier Lopez
Bilboko Etxarri gaztetxearen hustea momentuz bertan behera geratu da

Gaurko iragarrita zegoen Bilboko Errekaldeko Etxarri II Gaztetxearen aurkako hustutze agindua eta ostiral goizean hala egiten saiatu dira. Halere, idazkari judiziala ez da gaztetxera azaldu eta beraz prozesua geldituta geratu da oraingoz.


Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etxarriko manifestazioa egingo dela adierazi du

Preso gaixoen aldeko elkarretaratzea debekatu egin du Espainiako Gobernu ordezkaritzak, eta hura egiteko nahia adierazi du taldeak. Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi preso ohiek 18 egun daramatzate greban.


2014-07-09 | Judith Perez
Udako oporrik gabe Errekaldeko gaztetxe berria txukuntzeko

Uda osoa auzolanean emango dute Bilboko Errekalde auzoko Gazte Asanbladako kideek “Etxarri” gaztetxean lan egiten. Info7 irratiak gaztetxeko kideekin hitz egin du, txukuntze lanak nola dihoazen jakiteko.


2014-07-04 | Axier Lopez
Kukutza gaztetxearen ondorengoa okupatu dute Bilbon

Ostegun gauean zabaldu da albistea sare sozialetan: "Bilboko Errekalde auzoak gaztetxe berria lortu du".


Eguneraketa berriak daude