argia.eus
INPRIMATU
Etsai berria eta estatuen loraldia
  • COVID 19-ak Estatuak estutasunean jarri ditu. Hitz-joko horrek ondo deskribatzen du egun bizi dugun errealitatea, bizitzen ari garena jolasa ez izan arren, ezta gutxiago ere. Egoera larria da oso, eta hori ondo dakite mundu osoko agintariek. Horregatik, estatuak euren eskura dituzten baliabide, egitura eta erakunde guzti-guztiak erabiltzen ari dira birusaren aurkako borrokan,  baita euren eskutik haratago dauden tresnak ere. Baina nago osasun krisi honi aurre egiteko egin dezaketen dena gutxi dela.

Marcos Castro Elosegui @CastroElosegui 2020ko martxoaren 27a

Nolanahi ere, dena ez da beltz kolorekoa estatuentzat. Argi dago pandemia honek estatuen irmotasuna eta erresilientzia proban jarriko dituela, eta jartzen ari dela dagoeneko. Baina, aldi berean, euren boterea eta aginte posizioa berritzeko parada eskainiko die herrialdeei; Rousseauren hitzak erabiliz, herriaren eta Estatuaren arteko kontratu soziala eraberritzeko aukera. Abagune aparta, egia esan, zeren eta ez baitago etsai amankomun baten existentzia bezalakorik “gu” bat sortu eta horren inguruan Estatuaren autoritatea eta zilegitasuna ardazten joateko, izan etsai hori hezur eta haragizkoa, birikoa, erreala, imaginarioa, erraldoia zein nimiñoa. Egungo “arerio publiko nagusiaren” izen abizenak aski ezagunak dira guztion artean: korona birus. 

Estatuak estatu direnetik, etsaiak izenez, formaz eta izaeraz aldatuz joan dira, baina horien natura zeinahi izan dela ere, euren diskurtso hegemoniko eta logika operatiboan ezinbestean aurkitzen dugun osagaia da etsaia, baita gerra ere. Hainbat herrialdeetako liderrek azken egunotan egindako agerraldiak entzun besterik ez dago hori horrela dela ikusteko; gerra, etsai, borroka, garaipen eta horrelako hitzok behin eta berriro errepikatu dituzte birusaren inguruan mintzatu direnean. Jarrera honek, lengoaia honek, ez liguke batere harritu behar, estatuek gerrazaletasuna eta etsai-gura berezkoa baitute; azken batean, gerra izan da euren jaiotza eta garapenaren funtsezko euskarrietako bat. Eta denak pentsarazten digu hori horrela izaten segiko duela etorkizunean ere. 

"Gerrak estatu-arrazoia indartzeko balio du ere, Foucault-en terminoetan. Bestela esanda, testuinguru belikoek estatu-premia sakontzen dute, eta ondorioz, estatua hil ala biziko tresna bilakatzen da herritarrontzat"

Zergatik pentsatzen dudan horrela? Bada, gerra-logikak identitate kolektiboa indartzea eta komunitate politikoa birsortzea ahalbidetzen duelako; hau da, egun bizi dugun bezalako muturreko egoerek herri-gogoa azaleratu egiten dutelako, nahi hori ostera estatuan gorpuzten delarik. Hori gutxi balitz, gerrak estatu-arrazoia indartzeko balio du ere, Foucault-en terminoetan. Bestela esanda, testuinguru belikoek estatu-premia sakontzen dute, eta ondorioz, estatua hil ala biziko tresna bilakatzen da herritarrontzat. Alegia, gure bizitza hari batetik zintzilik dago, eta hari hori eusten duena estatua da.  

Hemen paradoxa bitxi bat ematen da. Izan ere, gure bizitza estatuaren eskuetan dagoela sentitzen dugun honetan, salbaziorako bidea, garaipena, gure esku dagoela esan digute agintariek, edo, hobeto esanda, gure esku garbietan. Ez hori bakarrik, gure etxeetako lau hormen artean. Azken erabaki horren atzean arrazoi zeintifiko eta teknikoak egon badaude, jakina. Era berean, euren tropen leialtasuna eta obedientzia neurtzeko balio die estatuei, eta horregatik, besteak beste, egin dute disziplina sozialerako, hots, nazionaltasun zibikorako deia. Etsaiarekin, alegia, korona birusarekin bukatzeaz gain, mugimendu honekin lortu nahi dena estatuaren eta herri subiranoaren arteko komunio perfektua da. Hau da, herriaren eta estatuaren borondateek bat egitea, bai helburuetan bai bitartekoetan.

Kezkak kezka eta kexak kexa, azken egunotan herrialdez herrialde ikusten ari garena herritarren eta estatuaren arteko elkar besarkatzea da; eta gu geu gara prozesu horretan lekuko eta partehartzaile. Azken batean, COVID 19 izeneko etsai berri honek estatugintzaren loraldia ekarri digu. Epika nazionala gora doa. Udaberria hemen da.