Etorkisuneku 01 izenarekin jardunaldia egingo da martxoaren 14an, datorren ostiralean, Errenterian. Badalabek eta TEKS elkarteak antolatuta "hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat" izango omen da. Badalaben egoitzan izango da, Errenteriako Madalen kaleko 27an. "Etorkizunak pentsatzeko euskaratik, eta euskaraz sortutako tresna bat da bertatik bertara probatzeko aukera" ere izango da jardunaldian, jolas prototipo fisiko bat: "egunean zehar jasotako ideia eta elementu desberdinak baliaturik, euskararen agertoki desberdinetan barneratzeko aukera ederra".
Etorkisuneku izan da lan ildo bat euskararen Badalab think-tank-ak garatu duena azken urte pare honetan. Euskararen inguruko "etorkizuneko komunikazio edukiak, formatuak edota interakzio sistemak nolakoak izango diren" irudikatzea izan da asmoa. Proiektuak garatzeko beka deialdia egin zen 2023an; eta aurtengo urtarriletik Badalaben erakusketa bat ikusgai dago, instalazio bat, Nora Goialde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puenteren lanekin.
Ulertu dugunez, erakusketa horren inguruan egingo da jardunaldi hau. Etorkisuneku instalazioa, Badalaben arabera, "prototipoen museo bat da, erdigunean jartzen dituena artefaktu material desberdinak. Honi lotutako programa publikoak balio behar du bestelako iruditeri bat probokatzeko, diskurtsoak elikatzeko, elkarrizketa kolektibo bat sustatzeko. Proposatzen den jardunaldi honek balio digu horri guztiari markoa jartzeko. Arituko gara utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz. Eszenatoki desberdinak bisitatuko ditugu, eta jolastuko dugu, eta aztarna utziko."
Egitaraua
08:45 – 09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa
09:00 – 09:15 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena. Goiatz Oiartzabal Lakarra (Badalab), Xabier Landabidea Txerren (UEU).
9:15 - 11:15 Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditeri berria eraikitzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean?
11:45 – 12:30 Etorkizunetako teoria praktikatik. Irudimenaren krisia bizi dugu? Edota auzia beste toki batean dago? Nahikoa da irudikatzen hutsarekin. Elisabeth Roselló – Ane Abarrategi.
12:30 – 14:00 Zientzia fikzioaren egoera Euskal Herrian disziplina desberdinen perspektibatik.
15:00 – 17:00 Plau(y)sible. Partida bat? "Mahai gainean topatuko duguna da jolas bat (objektu fisikoa), prototipo bat! Beste inork baino lehen probatu ahal izango duguna."
Xeheago hemen.