Arrazakeria instituzionalak, zoritxarrez, izan du presentziarik gurean. Nabarmen eta agerikoena, PPrena. Javier Maroto Gasteizko alkatea izan du buru, baina alderdikideek babestu eta bat egin dute hark esandakoekin eta hark egindakoekin. Laburrean, popularrek defendatu dute etorkinak gizarte laguntzetatik bizitzera datozela eta eskatu dute Eusko Jaurlaritzaren eskumena den Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) moldatzea, kanpoan jaiotakoek zailago izan dezaten errenta eskuratzea.
Aipatzeko moduko beste episodiorik izan da. Josu Bergara Sestaoko alkatea (EAJ) entzun dugu esanez “kaka hori” ez dela Sestaon erroldatuko (etorkinak eta ijitoak mintzagai). Eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ere (EAJ) mamu xenofoboak astindu ditu, etxebizitza eskubidea bermatzeak etorkinak masiboki erakarriko dituela adierazi duenean.
Azken finean, kontua da nola ulertzen duten gure ongizate eredua alderdiek: herritar guztientzako babes eta aukera gisa, jaioterriagatik bereizketarik egin gabe guztiei eskubide eta betebehar berdinak bermatuz; ala "bertakoak eta kanpokoak" binomioa irizpide hartu eta atzerritarrei eskubideak murriztuz –eta bide batez, kulturaniztasuna elkarbizitzarako baino, liskarrerako eta gatazkarako motibo bihurtuz–.
Hots, aldundi eta udaletako gizarte zerbitzuak eta enplegu politikak denei zuzentzea, egoera ahul eta prekarioenean daudenak lehenetsiz, vs. prestazio sozialetan kanpoan jaiotakoei baldintzak gogortzea eta enplegu politiketatik at uztea; libreki zirkulatzeko eskubidea bultzatzea, vs. kolektibo jakinei erroldatzeko zailtasunak jartzea; osasun eta hezkuntza unibertsala eta duina eskaintzea, vs. etorkinei osasun publikoaren ateak ixtea (Nafarroan gertatu bezala) eta ghetto bihurtzen diren eskoletan kontzentratzea; Kulturaniztasun edo Migrazio zinegotzi edo teknikaria jartzea, vs. herriko garapenean migratzaileak aintzat ez hartzea...
Diskurtso politikoki zuzenetik harago, batzuen eta besteen praktikak esango digu gure herriko/aldundiko/erkidegoko hautagai bakoitzak non kokatzen duen bere burua.