Hainbat gauez jarraian, gorrotoa eta arrazakeria hedatu eta "etorkinen aurkako ehiza" egin dute Murtziako herri batean, "Espainia garbitzeko". Kolektibo antiarrazistek ultraeskuinaren inpunitatea salatu dute.
Penintsularen hego-ekialdean, Murtziako erkidegoan, 40.000 biztanle inguru ditu Torre Pacheco herriak. Larrun batean eta beste hainbat alditan azaldu moduan, sare sozialak baliatuta hauspotu du gorrotoa ultraeskuinak; oraingoan, herri horretan. Joan den ostegunean, hilaren 10ean, egun gutxiren buruan milioika ikustaldi izango zituen bideoa zabaldu zen. Bideo horretan, hainbat pertsona ageri ziren agure bat jipoitzen. Honela zioen bideoarekin batera zabaldutako testu-idatziak: "Torre Pachecoko 70 urteko herritar bat bortizki jipoitu dute marokoarrek eta bideoa dago. Zabaldu. Kriminalek ordaindu egin behar dute. Gure jendearen bizitza jokoan dago".
Beste askotan gertatu moduan, bideo hori ez zen ez herri horretan gertatu, ezta aipaturiko egun horretan ere. Gordeta zeukan norbaitek eta asmo txarrez jokatu du. Eta beste norbaitek egoera baliatu eta lau magrebtarren irudiak zabaldu zituen, jipoi bortitz haren egileak haiek zirelakoan.
Aurrez aipaturiko 70 urteko bizilagun horrek izan zuen arazoren bat gazte batekin, eskuineko hedabide bati kontatu dionez, baina Poliziari esana dio ez dela bera bideoan jipoia jasaten agertzen den gizona, eta berak ez zuela horrelako astindurik jaso. Espainiako irrati-telebista publikoak Torre Pachecoko Udalarekin zein Poliziarekin hitz egin du, eta gauza bera esan diote: bideo hori ez dela hangoa. Are gehiago, azken orduotan zabaldu den informazioaren arabera, bolo-bolo ibili zen bideoa Almerian filmatu zen aste batzuk lehenago; kalean lo egiten duen pertsona bat jipoitu zuten hainbat gazte espainiarrek.
Baina horrek ez dizkio jendeari hankak geldiarazi, ultraeskuina antolatuta dagoelako. Sare sozialen bidez, Telegram taldeetatik asko, gorrotoa hauspotu eta mobilizazioak antolatu ditu ultraeskuinak. Horrela, Espainiako beste lekuetatik Torre Pachecora joan dira makina bat faxista, migratzaileak jipoitzera modu basatian.
Asteburua ez da nolanahikoa izan. Herri horretan egon diren Espainiako El País eta ElDiario.es egunkarietako kazetariek gordin kontatu dute bizitakoa: herria Poliziaz josita, jatorri desberdinetako etorkinak beldurrez eta auzo jakin batean babestuta, Poliziaren lerroa, eta beste aldean zientoka arrazista, faxista, "Espainia garbitu behar da" oihu eginez eta, zenbait argazkitan ikusten denez, agur nazia egiten ere bai. Istiluak izan dira.
Auzo jakin horretako autoak hautsi dituzte bi gauez jarraian, etorkinek kudeatutako komertzioak txikitu dituzte, eta, biolentzia mailaren adibiderako, zenbait gazte kebab batera beisboleko bateekin sartu eta segundo eskasean dena apurtu dute.
Astelehen goizean Espainiako Gobernuak esan duenez, gutxienez zortzi pertsona atxilotu ditu Poliziak, eta gobernuko Barne ministro Fernando-Grande Marlaskak adierazi du "Voxen diskurtsoen errua" dela.
Kontakizunaren bataila
Gazte magrebtarrak defendatu egin dira, eta kontakizunaren batailak pauso gehiago egin ditu aurrera. Bi giza-talde itxuraz "parekideen" arteko zerbait izan dela ari dira esaten hainbat agintari eta hedabide. Besteren artean, herri horretako PPko alkateak hainbat hedabidetan esan du "bi bandoren arteko borroka" izan dela asteburuan, bi gauez jarraian, ezer gehiago jakingo ez balu bezala.
Torre Pachecoko Udalak ez du agiririk kaleratu gaiaren inguruan, baina sare sozial batzuetan bolo-bolo ibili da komunikatu bat, faltsua, udalaren iruditegiarekin, zera esaten: "Nabarmena da delitu kopurua igo egin dela azken urteotan, baita sexu-indarkeria ere, eta horrek lotura izan dezake inmigrazioaren gorakadarekin".
Berriz ere Espainiako hedabide publikoak jo du udalera, komunikatu horrez galdezka. Gezurtatu diote udaletik egina denik, nahiz udalaren izena eraman. Dena dela, gertaturikoak gertatuta, jarraitzen dute adierazpen ofizialik kaleratu gabe.
"Gelditu gorrotoaren makinak"
Kolektibo antiarrazisten iritziak jaso ditu El Salto komunikabideak. SOS Arrazakeriak-ek, esaterako, "terrore arrazista" salatu du eta erakundeei exijitu die herri horretako etorkinen segurtasuna bermatzeko. Afromurcia taldeak, bestalde, komunikabideetan eta desinformazioan ipini du arreta, kolektiborik zaurgarrienak kriminalizatu eta deshumanizatu egiten dituztela argudiatuta.