argia.eus
INPRIMATU
Etengabe berotzen ari dira ozeanoak: 2018a, inoizko beroena
  • Berotze globala gero eta azkarrago doa. Ozeanoen tenperatura neurtzeko metodo berri bat erabili dute zientzialariek, eta uste baino azkarrago berotzen ari direla ondorioztatu dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 11

Behin behineko datuek argi adierazi dutenez, 2018a laugarren urterik beroena izan da lurrazaleko tenperaturari dagokionean. Ozeanoko urari dagokionez, aldiz, inoizko beroena. Atmosferako berotegi efektuko gasen pilaketak eragin duela dio Science aldizkariak, datuok publiko egin dituen hedabideak.

130 urte daramatza gizakiak lurrazalaren tenperatura neurtzen, eta uraren tenperatura neurtzeko metodo berri bat baliatu dute zientzialariek: Argo. Azken 13 urteotan datuak bildu dituen flotatzaile sare bat da. Metodo honekin, itsasoak berotzen jarraitzen duela ikusteaz gain, prozesua gero eta azkarragoa dela jakin dute. Kezkatuta dago Lijing Cheng, fisika atmosferikoan katedraduna: “Neurriak hartu behar dira. Horrela jarraituz gero, 2080tik aurrera, urtero orain baino sei aldiz azkarrago berotuko dira ozeanoak”.

Izotz galera poloetan

Poloetako egoerak “konplexuak” direla dio Zeke Hausfather AEBetako Californiako Berkley Unibertsitateko ikerlariak. Haien larritasuna azaldu du, Antartikak inoizko izotz hedadura txikiena baitu. Orain lau urte aldiz, bataz besteko historikoaren gainetik zen, baina 2017az geroztik nabarmen egin du beherantz. Azken asteotan ezohiko tenperatura handiak izan dira bertan, eta izotz galeran eragin handia izan du. Artikoan ere antzeko zerbait gertatu dela dio Hausfatherrek. “Aldaketa drastiko hauek oso larriak dira; ezin gara besoak gurutzatuta geratu”, azpimarratu du.