Eten digitala: gizon eta emakumeen artean ere ematen da


2006ko urtarrilaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Jon Torner jontorner@argia.eus Eten digitalak hainbat aurpegi du. Ez da soilik garapen bidean dauden zonaldeen eta herrialde garatuen artean ematen. Azken hauen mugen barnean ere adibide franko dugu. Eta arrazoiak ez dira soilik ekonomikoak. Generoen artean ere bada alderik. Gizonezkoek teknologia berriak gehiago erabiltzen dituzte. Estereotipoetan oinarritutako diskriminazioa da; ez berezko desberdintasun batzuen ondorio. Diskriminatzailea ez da teknologia, "pertsonen borondatea" baizik. Hala dio Celia Castaño Ekonomia Aplikatuko katedradun eta Las mujeres y las tecnologías de la información liburuaren egileak, El País egunkarian kaleratutako Sociedad de personas, no de tecnologías artikuluan. Gizonezko gehienak teknologiaz "maitemintzen" omen dira. Ordenadorearekin jolastea eta Interneten nabigatzea gustatzen zaie eta ahalik eta aparatu berri gehien erosten eta programen bertsio berrienak eskuratzen saiatzen dira. Asko "obsesionatuta" daude eta batzutan, teknologia gizonezkoen gauza dela pentsarazten du horrek. Emakumeak, aitzitik, sarri "teknofobotzat" jotzen dira, askok teknologia berriei urruti samarretik begiratzen baitiete. Emakumeak ondo funtzionatzen duen erreminta nahi du, informazio baliagarria eskaini eta arazorik emango ez duena. Estereotipo hauek egunez egun etxean, eskolan eta hedabideetan eraikitzen den diskriminazioaren fruitu dira. Txikitatik, neskei beste pertsonak zaintzen erakusten zaie eta mutikoek jolasteko eta mundua deskubritzeko gonbita jasotzen dute. Gainera, eskolako testu liburuetan, bideo-jokoetan eta telebistako filmetan agertzen diren emakumezko eta gizonezko pertsonaiek estereotipo horiek bultzatzen dituzte. Hori baieztatzeko, Eurostat agentziak 2004an bildutako datuak aipatu ditu Cecilia Castañok. Europako Batasunean, adibidez, gizonezkoen %46a eta emakumezkoen %36a sartzen dira Interneten euren etxeetatik. Ohiko informatikari "eroaren" irudiaz haratago Emakumeek eta gizonezkoek betetzen dituzten lanpostuei dagokienez dezenteko aldea dago. Espainian, esaterako, unibertsitate ikasketak egin dituzten emakumezko eta gizonezkoen kopurua berdintsua da. Hala ere, lan munduan, teknologia berriekin harremana duten ofizioei dagokienez emakumearen presentzia %25ekoa besterik ez da. Horrek, noski, harreman estua du aukeratzen dituzten karrerekin eta honek, era berean, institutuetan-eta gertatzen den fenomenoarekin. Castañok dioenez, informatika eta ingeniaritza eskoletan zein edozein zentrotako informatikako klaseetan, informatika eta Internetekiko mutilek bezain pasio handia erakusten ez duten neskak ez dituzte "klubeko" kidetzat hartzen eta sentipen horrek bultzatuta, mutilak baino emakume gutxiago matrikulatzen dira informatikaren inguruko karreretan. Emakumezkoak euren besoetara erakartzeko helburuarekin, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat ikastetxek, MIT eta Carnegie Mellon unibertsitateek kasu, programa bereziak jarri dituzte abian. Programa horien fruituetako bat Jane Margolis eta Allan Fisher ikerlariek 2002an kaleratutako Unlocking the Clubhouse. Women in Computing liburua da. Lan hori osatzeko Carnegie Mellon Unibertsitateko 200 ikasle baino gehiagori egindako galdeketa hartu zuten oinarri eta ateratako ondorioen artean, bada harridura apur bat sortzen duenik. Euren hitzetan, egun osoa ordenadore aurrean pasatzen duen eta programak eta Interneten gertatzen dena soilik interesatzen zaizkion ikaslea, ez da beti izango irudimen handieneko edo emaitza onenak lortuko dituen informatikaria. "Obsesionatuen" dagoena da, besterik ez. Hain justu, neskentzat eredu hori ez da batere erakargarria. Teknologia, benetako arazoak (osasuna, hezkuntza, ongizatea...) konpontzeko erreminta gisa interesatzen zaie. Interneten bila aritu eta ez dugu liburua eskuragarri topatu -doan ez behintzat-, baina hari buruzko iruzkinak biltzen dituzten hainbat web gune bisitatu dugu. Truna aka J. Turner gisa sinatzen duen internauta, Curtis D. Fye aditua eta Chris Flaat blogaria, esaterako, bat datoz Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologien esparrua "gizonen kluba" (clubhouse) bihurtzen ari dela esatean. Horren arrazoiez hitz egitean, informatikaren munduan nagusi den "hacker kultura" aipatu du Chris Flaatek. Bere hitzetan, kultura horren printzipioek gizonezkoek informatika ulertzeko moduarekin lotura estua dute. "Gizonezkoen klub" horretaz mintzo da, era berean, Dafne Sabanes Plou PARM-APC programaren sustatzaileetako bat, Indymedia Barcelonan paratutako Mujeres y Nuevas Tecnologías de la Información artikulu mamitsuan. Cecilia Castañok bezala, generoari dagokion eten digitala ez da gizon eta emakumeen arteko berezko desberdintasunen ondorioz sortu (gezur hutsa da zientzia eta teknologiaren arloan emakumeak motz geratzen direla) dio, gaur egungo gizartean indarrean dauden baloreengatik baizik. Beraz, bai Dafne Sabanesek bai Cecilia Castañok, teknologia berrietan emakumearen presentzia areagotzeko askoz ere esparru zabalagoa hartzen duten baloreak aldatu behar direla azpimarratu dute. Horretarako, txikitatik hasi behar da lanean. Neskatilak, andereñoak eta amak teknologiarekin eroso sentitzeko ez da nahikoa eskolak ordenadorez hornitzea. "Ohiturak, giroa eta mezuak" aldatu behar dira, "kultura teknologikoa", azken finean.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude