argia.eus
INPRIMATU
ETBko ‘Iparraldearen Orena’ telebista saioa amaitu da
  • 21 urtez Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko egunerokoa erakutsi du Iparraldearen Orenak. Saioa bukatutzat eman du ETBk eta hemendik aurrera Euskal Herria Zuzenean saioan integratuko dituzte Ipar Euskal Herriko berriak.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 24a
Azken 'Iparraldearen Orena'ko lantaldeko kideak. Argazkia: EITB.

Moldea aldatzeak kezka eragin du. Joan den ostiralera arte, astelehenetik ostiralera, Lapurdiko Zuberoako eta Nafarroa Behereko egunerokoaren jarraipena egiteko tokia zuten, eta aldiz, Euskal Herria Zuzenean saioan informazio horrek guztiak lekua izango duen zalantzan dago. Izan ere, Euskal Herria Zuzenean saioan informatiboetatik kanpo geratzen den informazioa lantzen dute, hala nola, gertakariak, auzoetako kontuak eta bitxikeriak. Ikusteko dago zenbateraino lortuko den Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako egunerokoa saio horretan islatzea. Astean zehar egunero bi minutu eta erdiko bi bideo sartuko dituzte eta asteburuetan Iparraldearen Orena Astekaria saioak segiko du orain arte bezala.

Iparraldearen Orena K2000 ekoiztetxeak prestatzen zuen eta orain ere berak jarraituko du Iparraldeko edukiak kudeatzen. Lantaldea ere bera izango da: Guillaume Irigoien, Jasone Iroz, Igor Emery eta Franck Dolosor.