#ETBnEdukiSexistarikEz traola azken 24 orduetako erabiliena izan da euskaraz Twitter sare sozialean. ETB2k igande gauean estreinatu zuen “Cuadrilla busca cita” telebista saioak eragin du protesta.
“Gero emakume bat jipoitzen dutenean zergatik ote den galdetuko dugu. Sentitzen dut ETB, baina ikaragarria”, adierazi zuen Maddalen Iriarte ETBko kazetariak saioa ikusi bitartean. “Saio dibertigarria izateko sexismoa erabili behar dela uste duten telebista publikoko nagusiek dimititu beharko lukete”, zioen igande gaueko Leire Narbaizaren txio batek. “Telebista publikoak beste zerbait behar du. Kalitatea. Zerbitzu publikoa. Kriterioa. Baloreak”, idatzi zuen Felix Arrietak.
ETB2ko “Cuadrilla busca cita” saio berriak eragin dituen erreakzioetako batzuk baino ez dira. Reality showa da programa berria, zehazki “sedukzio-joko” gisa ezagutzen den azpigenerokoa, AEBetako MTV kateak ezagun egin zuen “Next!” edo duela ez asko Espainiako Cuatro katean emititu zuten “Un príncipe para Corina”-ren estilokoa.
Neska eta mutil talde bana etxe batean sartu zituzten lehen kapituluan. Helburua: mutil koadrilan bikoterik ez daukan bakarrarentzat nobia bilatzea. Horretarako, neskek banaka mutilen aurrean beren burua aurkeztu behar izan zuten. Programaren ikusmolde sexistak eta zenbait parte hartzailek esandakoek ikusle askoren marra gorriak gainditu zituzten.
Twitterren eragindako kritika-uholdeaz gain, protesta telebista publikoko ordezkariei helarazteko asmotan dira zenbait ikusle. Horretarako, #ETBnEdukiSexistarikEz dioten mezuak igorriko dituzte EITBren webguneko kontaktu orriaren bitartez bihartik aurrera.
Twitterren #ETBnEdukiSexistarikEZ traola duten mezuak azpian.