ETB-1, euskararen aldeko apustuan berrikuntza gutxi

  • Fikzioaren gabezia da, beste behin ere, ETB-1en programazioari geratzen zaion hutsunerik handiena.


2014ko martxoaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
(Irudia: Joseba Larratxe)

Euskarazko komunikabideen aldeko apustua agindu zigun EiTBko zuzendaritza berriak eta bai, lehen katearen aurtengo programazio-taula saio berriz hornitua etorri da: egunero produkzio berriko hamar ordutik gora. Ez da apustu makala, batez ere egun bizi ditugun murrizketa garaietarako, baina ez da ahaztu behar hain hondoa jota zegoela ETB-1 ezen bizirik irauteko beharrezkoa zuela, gutxienez, tamainako tratamendua. Eta kontuan hartu behar da, baita, halako produkzio bolumena, funtsean, albiste eta magazin tankera bereko saioekin bete dela, uniformeegia aukeran. Hala begiratuta esan daiteke, egiatan, sendotasun pixka bat bai, baina berrikuntza gutxi ekarri diola estreinatutako programa sortak Euskal Telebistari.

Alde positiboan, aipatzekoa da goizetan Egunon Euskadi bezalako bi orduko saioa kokatu izana, albistegia eta magazina uztartuta. Lehenengo aldia da halako ahalegina egiten dela ETB-1en eta zentzua ematen dio goizeko ordu tarte horretako programazioari, orain arte baztertuta eta zokoratuta egon dena euskarazko katean.

Modu berean, eguerdiko eta iluntzeko Gaur Egun euskarazko albistegiak ere ia gaztelerazko katearen parekoak izatera heldu dira, ez haien bertsio “mini” edo laburtuak, garai batean bezala. Hala eta guztiz ere, haien menpeko izaten jarraitzen dute oraindik, bai edukietan bai programazioan. Egia da autonomia zantzuak antzeman daitezkeela noizbehinka albiste batzuen hautaketan eta eskaletaren antolamenduan baina euskarazko albiste saioak ez dira oraindik, irratietan gertatzen den bezala, gaztelerazkoekiko menpekotasunetik askatu, ezta hurrik eman ere. Horren adibide dira asteburuetako iluntzeko saioak: hamar minutu euskarazko Gaur Eguna gaztelerazko Teleberria ordubetekoa den bitartean.  

Arratsaldetan, Jaime Otamendiren eskutik etorri da bigarren pisuzko nobedadea, Airean magazin-tertulia alegia. Ondo betetzen ditu saioak bazkalondoko lauetatik seietara bitarteko bi orduak eta Otamendik ere ondo erakusten du, irratian bezala, kameren aurrean badakiela tertuliak eramaten, elkarrizketak egiten, erritmoak markatzen eta halako programa batek behar duen tentsioari eusten. Ongi aukeratutako tertuliakideek eta elkarrizketatuek eta tartean tartean sartzen diren kolaboratzaile finkoek ere bizitasuna eta kolorea ematen diote saioari.

Haren atzetik Maddalen Iriartek gidatzen duen Azpimarra saio jada klasikoarekin eta Euskal Herria Zuzenean magazin berriarekin osatzen da arratsaldeko tartea. Tertulia indartsua egiten jarraitzen du Iriartek baina ez dakit oraingo ordutegiak, Airean-en horren segidan, on egiten dion ikusgarritasunaren aldetik. Euskal Herria Zuzenean bezalako saioak berriz, sarbide egokiak dira albistegietarako, arinak dira eta zuzeneko errealitate zentzua areagotzen ei dute.     

Gaur Egun albistegi aurreko arratsaldeko tarte hau bi programa betegarrirekin osatzen da, Hizkamizka lehiaketa, galdera erantzunezko saio gatzik gabea eta Txoriene sukaldaritzako saio arina.

Eguneko programazioa horrela antolatuta, bestelako sendotasuna erakusten du orain ETB-1ek: programazio egituratua, serioa, erraz identifikatu eta antzemateko modukoa, gidari eta aurpegi ezagunen inguruan  antolatua. Baina, aldi berean, programazioa kontserbadorea da oso, berrikuntza gutxi dakarten lehendik frogatutako osagaiekin eraikia da eta, aukeran, monotonoegia. Gogoratu, duela bi urte Arratsaldero saioa zegoen hor, bost orduko magazina eta asko ez dela ere Bertatik Bertara gogoangarri hark bete zituen urte luzetan iluntzeko albistegiaren aurreko tartea. Zer berri beraz ETB-1en?  

Gaueko partea Julian Iantzik aurkezten duen Bost Baietz kaleko lehiaketa formatu ezagunarekin zabaltzen da eta hari aurtengo beste nobedadeak ematen dio segida, Kontrako Eztarria saioak. Honek asmatu egin du lekutxo bat egiten orain Espainiako Estatuko telebisten artean modan jarri diren albistegi informal tankerako saioen artean, luzapena emanez hartara, egunero, arratsaldeko programazioaren sendotasunari. Hasieran Alkainen pertsonajeen aje hiperlokalista-gipuzkoar-baserritar guztiak errepikatzen bazituen ere, Euzkitze eta batez ere Plazaolaren ekarpenek beste dimentsio bat eman diote pixkana pixkana programari.      

Hortik aurrerakoak egunetik egunera txandakatuz doazen saioak dira, batzuek ezagunak eta besteak berriak: Goenkale astelehenetan, egun batera murriztuta bere emisioak; Irrikitown asteartetan, umorezko esketx-saio berria Vaya Semanita egiten zuen talde beraren eskutik eta haren moldeak goitik behera errepikatzen dituena; Kike Amonarrizen Tribuaren Berbak saio labur berria asteazkenetan, desagertutako Mihiluzeren atala euskararen eta hizkuntzen gaineko programa autonomoa bihurtuta (eta sei astez Euskara Jendea dokumental saila lagun izan duena, Ibaizabal Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteek ekoiztua); Debatea ostegunetan Xabier Usabiagak gidatutako eztabaida eta pilota ostiraletan.

Prime-time tarte honek ere arratsaldekoak bezala antolamendu argia erakusten du baina ez du Estatu mailako kateekin lehiatzeko adina indarrik. Fikziozko produkzio garestiekin eta kanpotik ekarritako telesailekin dabiltza kate espainiarrak eta ETB-1ek ez du eremu horretan haiekin lehiatzeko moduko saiorik jarri. Euskarazko fikzioaren falta, berez sortua zein kanpotik ekarri eta bikoiztua, nabarmena da astegunetako gauetan ezezik asteburuetan ere, horrek dituen ondorioekin, besteak beste, bikoizketako azpiegitura tekniko eta artistikoetan.

Fikzioaren gabezia hori da, beste behin ere, ETB-1en programazioari geratzen zaion hutsunerik handiena, ez bakarrik prime time tartean audientzia erakartze aldera duen indarragatik, baizik eta fikzioak duen garrantziagatik gizarte baten identitatearen errepresentazioan eta eraketan.

Badira, hauez gain beste saio batzuk ere, programazioa egun ezberdinetan ordu txikitan zipriztintzen dutenak: Hitzetik Hortzera ezaguna, Txikon Xtreme kirol saio berria edo EiTB Kultura, besteak beste. Baina ezin aipatu gabe utzi tarte honetan, Tumatxak musika saioa ere, ikasturte honetako ETB-1eko parrilla berrituan prime time tarte honetan egin den apusturik interesgarri eta berritzaileena, dudarik gabe. Zoritxarrez, zortzi atal eta gero, eten egin da eta segidarik gabe geratu da, audientzia emaitzak, antza, eskasak izan direlako. Pena, hura izan baita, akatsak akats, eta ez gutxi gainera, euskal musikaren ondareari urtetan egin zaion hurbilpen aske eta ausartena. A ze pazientzia gutxi izaten den programa batzuekin, besteekin infinituraino luzatzen den bitartean. Halako saio baten eragina neurtzean aintzat hartzen hasi beharko lirateke gazteen kontsumo ohitura berriak, alegia Interneten lortzen duten oihartzuna eta egiten duten ibilbidea.            

Asteburuak kirol emanaldiekin eta saio betegarriekin osatzen dira. Hor kokatuta jarraitzen du Teknopolis saio berrituak eta berreskuratu da, zorionez, Sautrela klasikoa, formatu murriztuan bada ere. ETB-1en ikasturte honetako beste apustu handia, 101 Gaztelu reality-a ere hor egon da, igandetako gau parteko ordutegia hartuta, urtero El Conquis-ek hartzen duen tartean eta antzeko publikoari zuzendua. Bada gure gizartean halako saioetarako zaletasuna eta bazen garaia euskaraz ere halakorik egiteko. Oso egokia izan da, Euskal Herrian lokalizatzeko baliatu den modua, bertako gaztelu eta dorretxeen artean mugituz lehiakideak eta bertako erreferentziak baliatuz lehiaketan.  

Bukatzeko, ETBren programazio egitura honek  proiektatzen duen audientzia-perfilaren gaineko zertzelada bat: non geratu dira gazteak, non kultura urbanoak eta mundukoak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude