argia.eus
INPRIMATU
ETAren aurka poliziak drogak erabili zituen argitzeko eskatu du Podemosek
  • ETAren aurkako borrokan Espainiako Poliziak Euskal Herrian drogak banatu zituen ikertzeko eskatu du Teresa Rodriguez Podemoseko eurodiputatuak. Madrilen egin ditu adierazpenak, alderdiko bozeramaile Juan Carlos Monederok Euskal Herrian eta beste zenbait lekutan, poliziak gazte mugimendua itzaltzeko droga erabili zuela esan ostean.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 10
Teresa Rodriguez Podemos alderdiko eurodiputatua. (Arg.:Miradescritiques.blogspot)

Madrileko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Rodriguezek, Monederok iaz egindako adierazpen horiengatik galdetzean. Espainiar estatuko historia garaikideaz eman zuen hitzalditik atera dituzte Monederoren hitzak, Navajas txostenari buruz ari zela. Txostena 1989an Gipuzkoako probintzia-auzitegiko fiskalburu Luis Navajek osatu zuen eta Gipuzkoako guardia zibil ugarik narkotrafikoarekin zituzten harremanak agerian utzi zituen. Informea Estatuko Fiskaltza Nagusira heldu zen, baina arrazoi ezezagunak medio, desagartu eta ez zen inoiz ikertua izan.

Monederoren aurka hasi baino, urte horietan gertatutakoa ikertzea interesgarriagoa litzatekeela azpimarratu du Rodriguezek. "GALekin erlazionatutako kontu guztiak argitu eta gerra zikinaren balizko praktika guztiak aztertu behar dira", esan du.

Legez kanpoko erabakiak eta irregulartasunak egon zirela egiaztatutzat jo du eurodiputatuak. "Ikertzeko asko" dagoela adierazi du, eta erakundearen aurkako "gerra zikinean" gertatu zirenak ondo aztertu behar direla.