ETAren armagabetze egunaren zuzeneko kontakizuna

Zuzeneko jarraipena
  • Goizean goizetik hasi da ETAren armagabetzea, epizentro politikoa Baionan dutela. ARGIAn egunaren jarraipena egiten ari gara bertatik bertara.


2017ko apirilaren 08an - 10:11
Gakoak
Txetx Etxeberryk gizarte zibilaren izenean geolokalizazioak eman dizkio Boloniako artzapezpikuari. (Irudia: Berria)
Iñigo Urkullu: "Epikatik etikara"
Estefania Beltran de Heredia, Ram Manikkalingam, Iñigo Urkullu eta Josu Erkoreka (Argazki Press)

Epikatik etikara izeneko adierazpena irakurri du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak. Azken asteetan ETAren armagabetzea burutu zein lanean aritu direla adierazi du. "Gaur ez da ezer hasten, ezta bukatzen ere. Bizikidetzaren alde lanean jarraitzen dugu, orain, eskenatoki hobean", adierazi du.

Hasiera batean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak egin behar zuen agerraldia Donostian, eta azken orduan Iñigo Urkullu atera da prentsaren aurrera, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide Ram Manikkalingamekin batera.

Bake artesauen argazkiak armategietan

Bakearen artisauek zortzi zuloetako argazkiak argitaratu dituzte, bakoitzean dauden armen inbentarioarekin batera.

 

 

Espainiako Gobernua: "Ez da inpunitaterik izango"

Espainiako Gobernuak ETAren armagabetze egunari garrantzia kendu nahi izan dio, ekimen "mediatiko" gisa definituz eta "bere erabateko porrotetik etekin politikoak ateratzea helburu" duela iritzita.

"Legearen armak erabiliz, Espainiako demokraziaren garaipena izan da, batasun politikoa, nazioarteko kooperazioa eta Estatuko Segurtasun Indarren efikazia eta emanagatik", adierazi du Barne Ministro Juan Ignacio Zoidok.

Frantziako autoritateek aztertu arte ez duela ETAren armamentuaz baloraziorik egingo jakinarazi dute, eta nabarmendu du ez dutela posizio politikoa aldatzeko intentziorik: "Terroristek ezin dute espero fabore traturik eta are gutxiago beren delituekiko inpunitatea"

"ETAk ez du etorkizunik", adierazi du Zoidok. "Erantzun logiko bakarra bandak bere behin betiko disoluzioa iragartzea, biktimei barkamena eskatzea eta desagertzea da".

"Presoak, biktimak eta desmilitarizazioa dira jarri behar ditugu mahai gainean orain"

Arnaldo Otegi eta Anita Lopepek prentsaurrekoa eskaini dute EH Bildu eta EH Bairen balorazioa egiteko.

Euskal jendartearen gehiengoak albiste on gisa hartu duela aipatuz hasi dira, eta poza agertu dute inongo kanpo injerentziarik eta oztoporik sortu gabe aurrera doalako armagabetzea. "Munduan justizia, bakea eta askatasunaren alde borrokan ari diren guztietzat egun pozgarria da".

Azpimarratu dute ETAren armagabetzearen testuingurua ulertu behar dela, eta nazioarteko beste adibide batzuek aipatuz Kolonbia eta Ipar Irlanda kasu, "XX. mendeko estrategiak XXI. mendekoei lekua uzten ari dira".

Euskal gizartea, euskal instituzioak eta nazioarteko komunitatea zoriondu nahi izan dituzte. "Jendartearen parte hartze garrantzitsua kontutan hartu behar da, baina baita erakundeen eta nazioarteko eragileen lana ere!".

Hemendik aurrera, presoak, biktimak eta desmilitarizazioa mahai gainean jarri behar direla adierazi du Otegik. "Horiek dira herri honek aurre egin beharreko hurrengo auziak".

Poza adierazu du azken aldian Ipar Euskal Herrian gauzatzen ari ziren argazki garrantzitsu batzuk Hego Euskal Herrian ere lortu dituztelako, joan den astean PP eta UPN izan ezik alderdi eta sindikatu guztien adierazpen adostuari erreferentzia eginez.

"Desarme honek aukera berri bat zabaltzen du, arduraz jokatu behar dugu eta une historiko honek eskatzen duen egoeraren parean. Baliatu behar dugu bake iraunkorra lortzeko gure herrian. Gaur albiste ona dakarren eguna da, bakearen etsaientzat izan ezik".

Frantziako Barne Ministroa: "Pauso handia da"

Frantziako Barne Ministro Matthias Fekl-ek adierazi du ETAren armagabetze unilaterala "pauso handia" dela.

Iñigo Urkullu lehendakariak prentsaurrekoa 13:15ean

EiTBk zabaldu duenez Iñigo Urkullu lehendakariak ETAren armagabetzeaz prentsaurrekoa eskainiko du 13:15ean.

ETAk 120 arma, 3 tona lehergailu eta munizio kopuru handia utzi du 8 gunetan

Bakearen Artisauek prentsaurrekoa eskaini dute, armagabetzearen berri emateko. Adierazi dutenez, ETAk zortzi gunetan 120 arma, hiru tona lehergailu eta "munizio kopuru kalkulaezina" utzi du.

Lekuotan gizarte zibileko 172 lagun daude, Frantziako polizia iristeko zai.

Jean René Etchegarayren babaes politikoa eskertu dute. "Prozesu honen garrantziaz jabetu da".

11:15ean Arnado Otegi eta Anita Lopeperen prentsaurrekoa

Ezker abertzaleko bi kideek prentsaurrekoa eskainiko dute 11:15ean Euskal Museoan.

"ETAk armak poliziari eman dizkiola esatea intoxikazioa da"

Frantziako AFP agentziak zabaldu eta mundu osoko hedabideak oihartzun ematen ari diren albistean esaten da "ETAk armak Frantziako poliziari" eman dizkiola. Intoxikaziotzat jo du Mixel Berhokoirigoinek ARGIAri eginiko adierazpenetan.

Etchegaray eta Manikalingam: "Frantziako autoritateen esku utzi ditugu geolokalizazioak"

"ETAren armen lokalizazioari buruzko informazioa eman berri digute gizarte zibileko ordezkariek. Frantziako poliziaren esku dago jada". Esaldi horrekin laburbildu daiteke Ram Manikalingam eta Jean René Etchegarayk eman duten prentsaurrekoa. Kazetariz mukuru betetako aretoan Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen lana laburbildu du, adieraziz ETAk bere hitza bete duela eta 2014an hasi zela armagabetzea.

Etchegarayren adierazpena osorik

"Ongi etorri, deneri.

Europa eta gainerako nazioarteko komunitateak hemen iragaten denaz ardura dauka. "Europako azken gatazka armatua da eta ordu da buka dadin", hitz hauekin mintzatu zen Jonathan Powell 2011ko urrian Aieteko nazioarteko konferentzia irekitzerakoan.

Geroztik, 5 urte baino gehiago igaro dira. Asko gaude une honen zain geundenak. Aieteko adierazpenaren bost puntuetan, denok gogoan daukagu, ETAren su-eten adierazpenaren ondoren —Aieteko adierazpenaren ondotik berehala etorri zena— bake prozesuan sartzen zela ETAren armategiaren desegitearen abiatzea ere. Gizarteko alde guztiak momentu historiko honen partaide dira. Agurtu nahi ditut laster hitz egingo duten guztiak: agintari zibilak, erlijiosoak. Tokian toki eta nazional mailan, bakoitza bere rolean parte hartu duten guztiak. Eta beharrezko izan zaigun gizarte zibila ere; hain zen blokatzea handia bost urteko itxoite eta itxaropenaren ondoren, bake iraunkor batera iristeko gure herrian eta Europako mendebaldeko azken gatazka armatu honi amaiera emateko".

Izen handiko bi artzapezpiku

Baionan prentsaurrean azaldu dira Manikkalingam, Etchegaray, Txetx Etcheberry eta Michel Tubianarekin batera, bi artzapezpiku: Matteo María Zuppi eta Harold Good.

Lehena Boloniako artzapezpikua da, Francisko Aita Santaren gertuko figura. Bigarrena, Irlanda Iparraldeko apaiza, IRAren desarmea baieztatzen ibilitakoa, Alec Reidekin batera.

Gizarte zibilak geolokalizazioak eman dizkie egiaztatzaileei

Baionako udaletxean egindako bileran, Txetx Etxeberryk ETAren armategien geolokalizazioak eman dizkie Nazioarteko Armagabetzearen Egiaztatzaileen Batzordeari. Berriak bideoa zabaldu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


2021-01-07 | ARGIA
Mikel Barriosen aurkako 5 urteko kartzela zigorra berretsi du Parisek

Dei Auzitegiak bat egin du ekainean Parisko Zigor auzitegiak hartutako erabakiarekin eta kartzelara itzuli beharko du iruindarrak, baina oraingoz prokuradoreak ez du data jakin bat finkatu.


2020-10-20 | Euskal Irratiak
Egoitz Urrutikoetxea
"Badirudi Frantziako justiziarendako, negoziazio batzuetan parte hartzea, gaizkile elkarteko kide izatea eta ekintza terroristak prestatzea dela"

Josu Urrutikoetxearen aurka bi auzi iragan behar dira aste huntan Pariseko auzitegi korrekzionalean. Biak ere ETA talde armatuko kide izateagatik dira, baina mementu desberdinetan.


2020-06-24 | ARGIA
ETAren desarmatzea auzitan jartzen duten argudioekin, Frantziak bost urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Barriosi

Bost urteko espetxe zigorra jarri dio astearte honetan Parisko Auzitegi Korrekzionalak Mikel Barrios Iruñeko preso ohiari. Datorren astelehenean sartu beharko da berriro kartzelan.


Eguneraketa berriak daude