argia.eus
INPRIMATU
ETAren amaiera ekitaldia maiatzaren 4an izango da
  • ETAren amaiera ekitaldia Kanbon izango da maiatzaren 4an, ETBk jakitera eman duenez. Astelehenean emango dute ekitaldiari buruzko xehetasun gehiago, Bake Bideako, Foro Sozialeko eta Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkariek 16:00etan Baionan egingo duten agerraldian.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 23a
Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkaria (Arg: Basque Peace Process)

Maiatzaren 4an Kanboko Arnaga etxean egingo dute ETAren amaierako ekitaldia. Nazioarteko ordezkaritza eta eragile politiko eta sozialak izango dira bertan. ETBren arabera, azken komunikatu bat zabalduko du ETAk, eta, ziur aski, nazioarteko komunikabide baten bidez jakinaraziko du bere desegitea. Jakiteko dago agiria ekitaldiaren aurretik edo ondoren helaraziko den. Agerraldian ETAren desmobilizazioari buruzko “datu garrantzitsuak” emango dituztela aurreratu dute.

Brian Currinen eta Alberto Spektorowskiren Nazioarteko Harreman Taldearen babesa izango du ETAk. 2011ko urrian, Aieteko Adierazpenaren diseinuan parte hartu zuen taldea da, indarkeriaren amaieraren iragarpenari bide eman ziona.