Euskadi Ta Askatasunak (ETA) gaur goizean mezu batean jakinarazi duenez, su-eten iraunkorra aldarrikatzea erabaki du. Su-etena ostiralean (24) jarriko da indarrean. Zabaldutako agirian, berak egindako urratsaren "neurri bereko erantzukizunarekin jokatzeko deia" egin die ETAk eragile guztiei.
- Maria San Gil (Euskadiko PPko presidentea): "Zapaterok Moncloan jarraitzea behar du ETAk. Asko dira PSOEk ETAri eta Batasunari emandakoak eta erakunde armatuak zerbait egin behar zuen (...) Atzera begiratu behar da eta ETAk azken 30 urteotan egindakoak gogoan izan behar ditugu. Talde terroristari hiltzeko uztea eskatzeaz gain, barkamena eskatzea eta justiziaren esku geratzea eskatu beharko genioke". (Eitb24.com)
- Peio Etxeberri-Aintzart (Abertzaleen Batasuna): "Su-etena hasiera da baina ez da bakea lortu (...) Lan asko dago egiteke (...) Alderdiek negoziatu egin behar dute (...) Konponbidea Gasteizko, Madrilgo eta Parisko Gobernuen aldetik etorriko da". (Eitb24.com)
- Juan Jose Ibarretxe (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria): "(Alderdi guztiekin) lehen harremanak izan ditugu, bazterketarik gabeko elkarrizketaren egutegia, oinarriak, metodologia eta edukiez hitz egiteko (...) (ETAri) eskatzen diot gizartearen baikortasuna ez zapuzteko (...) Prozesua zaila eta konplexua izango da".
(Berria)
- Gerry Adams (Sinn Fein alderdiko burua): "Su-etenak abagune historikoa eskaintzen du (...) Aprobetxa ezazue aukera hau eta egin ahal duzuen guztia aurrerapauso politikoak errealitate bilakatzeko (...) Aurrera joateko gakoa eztabaida prozesu integratzailea abiatzea da. Bertan, parte-hartzaile guztiak berdintasunez tratatu behar dira". (El Mundo)
- José Luis Rodriguez Zapatero (Espainiako Gobernuko presidentea): "Hainbeste urte izugarriren ostean, bake prozesu oro luze eta zaila izango da (...) Gobernuaren desioa alderdi politiko guztiekin lan egitea da, batez ere biktimen oroimena aintzat hartuz". (El País)
- Mariano Rajoy (PPko presidentea): "Ezin daiteke politikoki negoziatu, ez inolako prezio politikorik ordaindu, horrela gertatuz gero terroristek irabaziko luketelako". (El País)
- Imanol Murua (kazetaria): "Bada alderik, Lizarra-Garazi Itunaren garaiko su-etenaren agiritik (1998ko irailak 18). Halaxe zioen bukaeran, orduko adierazpenak: 'Jakinarazi nahi dugu une honetatik aurrerako gertakizun eta urratsek aginduko dutela etenaldi horren behinbetirakotasuna'. Gaurko agiriak ez dio halakorik. Ez dago beraz tutelajerako asmo aitorturik. Beste kontu bat da ETAk bere buruari zer funtzio ematen dion benetan, baina agirian, berariaz, erakunde armatuak ez du zaindari lanik hartzen. Espainiako Kongresuaren ebazpenarekin uztargarria da erabat". (Mahai jokoan)
ETAren bideoa su-etena aldarrikatuz (Berria)
ETAren audioa su-etena aldarrikatzeko (EiTB)
Animazioa: ETAren atentatuak 1999az geroztik (El País)