argia.eus
INPRIMATU
Eta zuk? Zure lana musu-truk egin nahi al duzu?

EHUko Prekarioen Koordinadora 2024ko apirilaren 16a
Argazkia: @adrianlbueno

Zer esango luke artikulu honen irakurle orok bat-batean esango balitzaio bere lanaren zati esanguratsu bat, lanean jarraitu eta egunen baten egonkortu ahal izateko, dohainik egin behar duela? Ez dut uste Eva Ferreirak holakorik onartuko lukeenik berarentzat, ezta beregandik gertu egon daitekeen inorentzat ere. Ordea, errektore andre eta bere taldeari esaten diogunean Euskal Herriko Unibertsitatean behin-behineko egoeran gauden irakasle eta ikertzaileak ez dugula gure lana boluntario bezala egin nahi, haserretu eta errealitatea ukatu egiten digute.

Alegia, 2023ko ekainaz geroztik, behin-behineko egoeran zeuden unibertsitate irakasle askok 2000 euroren bueltako soldata izatetik 800 euro baino gutxiagoko diru sarrerak izatera pasa ziren gauetik egunera. LOSUk ezarritako 80. artikuluaren irakurketa ertzi bat egitea erabaki du EHUko Errektore Taldeak; ondorioz, unibertsitatean egonkortu ahal izateko ezinbestekoa den ikerketa ez zaie ikertzaileei aintzat hartzen. Aisialdian egin beharko!

"Dei egiten diegu alderdietako hautagaiei auzi honen harira publikoki kokatu eta unibertsitate publikoko langileen duintasuna bermatzeko apustua egitera"

Aste honetan, lehendakaria hautatzeko kanpainan sartuta gaude bete-betean, eta, Eusko Jaurlaritzak baditu eskumenak bere aldetik behin-behineko langileen soldata hobetzeko. 41/2008ko martxoaren 4ko dekretuko taula ekonomikoan ordainsariak moldatuz, behin-behineko langileen soldatak duindu ditzakete era oso errazean. Aurrez aurreko saioetatik edo tutoretza orduetatik at, aintzat hartuz klase orduen prestaketa, zuzenketak eta horiek prestatzeko ezinbestekoak diren formakuntza, ikerketa eta kudeaketa administratiborako behar den denbora.

Horregatik dei egiten diegu alderdietako hautagaiei auzi honen harira publikoki kokatu eta gure herriko unibertsitate publikoko langileen duintasuna bermatzeko apustua egitera. Prest gaude, nahi dutenean, beraiekin ere biltzeko.

Era berean, urte luzez ibili dira errektoretza talde ezberdinak eta sindikatuak negoziazio mahaian eta, behintzat, gaur egun arte eztabaida gunea irekia zuten. Eztabaida gune legitimoak behar den ganoraz berriro ere martxan ipintzearekin batera, Errektore Taldeari, aipatutako artikuluaren inguruko zentzuzko irakurketa egiteko eskatzen diogu. Jakinda unibertsitatean ikerketa ezinbestekoa dela klaseen prestaketa eta etorkizuneko profesionalen formakuntzarako, beraien legealdia amaitu aurretik, hau ere aintzat hartu eta dagoeneko prekarioa den egitura are gehiago ez prekarizatzea eskatzen diegu.

Bi lerroek konponbide erraza dute. Borondate politikoa behar da soilik. Zein da zuen eredua? Duintasuna ala doako lana sustatzen duen eredu prekarizatzailea?