Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea aske utzi dute 104 egun preso eman ostean Palestinaren aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik.
Israelen eta Iranen arteko gatazka azken egunetan lerroburu guztiak hartzen ari bada ere, egunero Gazako palestinarrak hiltzen jarraitzen du Tel Avivek: 33 hil ditu igandetik astelehenera bitartean, eta gutxienez 56.000 dira 2023ko urriaz geroztik hil dituenak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Martxoaren 18an bi hilabete indarrean zeramatzan su-etena apurtu zuenetik, berriz, 5.600 palestinar hil eta 19.000 zauritu ditu Israelek.
Azken 24 orduetan Israelek hil dituen 33 palestinarretatik sei elikagaiak banatzeko puntuetara bidean hil ditu, azken asteetan behin eta berriz errepikatu dena. Gazan laguntza humanitarioa banatzeari berrekin ziotenetik, maiatzaren bukaeran, 400 palestinar hil eta 3.000 zauritu dituzte modu horretan. Bi hilabetez zerrendara laguntza iristea oztopatu ostean, Israelen eta AEBen menpeko GHF Gazako Fundazio Humanitarioaren eskuetan dago Gazako palestinarrentzako laguntzaren banaketa.
Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela, 2023ko urriaren 7an Palestinako erresistentziak eginiko erasoan atxilo hartutakoak. Erasoan 250 lagun bahitu zituzten erakunde armatu palestinarrek, eta Israelgo hainbat hedabideren arabera, horietatik 50 inguruk zerrendan jarraitzen dute oraindik, horietatik hogei bizirik.
Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBek
2023ko urrian Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik, Israelen aurkako eta Palestinaren aldeko protestak eta manifestazioak ohikoak izan dira mundu osoan, baita AEBetan ere. Horien artean, entzutetsuak izan ziren AEBeko unibertsitateetan buruturiko mobilizazioak, baita horien aurka Poliziak ezarritako errepresioa ere. Besteak beste, azken hilabeteetan ezaguna egin da Mahmud Khalil Columbia Unibertsitateko ikaslearen kasua, Palestinaren alde eginiko manifestazioetan parte hartzeagatik hiru hilabetez atxilo izan dutena, "Hamas babestea" eta "antisemita" izatea leporatuta.
AEBetako epaile federal baten aginduari jarraiki, fidantzapean aske utzi zuten Khalil ostiralean. Martxoaren 8an etxean zegoela atxilotu zuten ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrek, New Yorken, eta Louisianako migratzaileentzako atxiloketa zentro batera eraman zuten. Aske utzi bezain laster New Yorkera itzuli da Khalil, atxilo zegoen bitartean jaiotako haurrarekin eta emaztearekin biltzera. Asteburuan hiri horretan Israel Gazan burutzen ari den genozidioaren aurka eginiko manifestazio baten buru ere izan da.