Badira ibilbide literario oso bat justifikatzen duten poemak. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua da horietako bat. 1960ko hamarkadako euskal kultura berriaren funtsezko testuetako bat izateaz gain, hil berri den pentsalariaren gaztetako lan horri erreparatuta, gero jorratuko zituen ildo askoren aztarnak antzematen dira.
1968. urtea zen: barrikadak Parisko maiatzean, sobietarrek abuztuko galdatan ito zuten Pragako udaberria, Erromako Valle Giuliako istiluak, Zengakuren japoniarren suge-dantzak Polizia herrestan eramanez, Mexikoko Tlatelolco plazako sarraskia, ukabil beltzak itsututa AEBetako arrazakeriaren kontra. Eta hemen? Hemen Txabi Etxebarrietaren hilketa, hilabeteak iraun zuen salbuespen-egoera, erregistroak, atxiloketak, torturak, erbestea.
Alemania: Joxe Azurmendi izeneko 27 urteko zegamar bat goizeko ordu bietan ari da poema bukatzen: “Baina libre izatea / gauza ikaragarri zaila da...”. Manifestu atzeratua du izenburua. Hurrengo goizean bidaliko dio Suitzan ikasten ari den adiskide donostiar bati, Ramon Saizarbitoria delako bat. Gazte eroak, frankismoan mundu berri bila. Gutxi ziren; askatasun gosea zuten handia.
Poema hura, Azurmendiren lehen liburutik zentsurak kenduko duena, mamitzen hasia den Euskal Herri berriaren testu fundazionaletako bat bilakatuko da. Poema hark den-dena ez, noski, baina asko esplikatzen du hil berri den idazle eta filosofoaren ondorengo ibilbideaz ere. “Hauxe baita gure engainu azkenekoa: / libre izan nahia justifikatu behar dugula / pentsarazi digute / lehen kanpotik eta barrutik orain”.
Gazte eroak, frankismoan mundu berri bila. Gutxi ziren; askatasun gosea zuten handia
“Lehen kanpotik”: 1940ko hamarkadan jaio. Oso-osorik irentsi behar eskolan, elizan eta kalean filosofia nazional-katoliko espainiarraren pakete ideologikoa. “Eta barrutik orain”: 1960ko hamarkadako gazte, ikusten du inguruko jendea nola ari den munduko filosofia iraultzaile guztiak gurean modu aski eskematikoan aplikatu nahian.
Eta beste bide batetik joatea erabakiko du. Ausartuko da zalantza egitera. Erantzun erabatekoak edukitzeko baino, galdera hobeak egin ahal izateko pentsatzera. Sistema itxietan batere federik ez duen filosofia izan da Azurmendirena, ñabarduraren ñabarduraraino iritsi zalea, aurkia, ifrentzua eta kantoia aztertzera emana.
Baina ez horregatik hoztasun hiper-analitikoetan galtzen dena: “Libre izan nahi dugu. / Guk, haragi honek, esperantza honek / nahi du libre”. Gorputzaren konkrezioa. Goi-arnaseko pentsamendua eguneroko eztabaiden sutan probatzeko joera. Gisa horretan desmuntatuko zuen piezaka 1990eko hamarkadan fabrikatutako dikotomia politiko bat (Demokratak eta biolentoak), seinalatuko zuen dogmatismo artxikatolikoaren konbertsioa dogmatismo artxidemokratikoan (Oraingo gazte eroak) edo euskal gatazkako erlatibismo moralaren paradoxetan murgilduko zen (Euskal Herria krisian), unean uneko debateentzat nabigazio-mapa zabalagoak eskainiz.
"“Xentimoka pentsatzen duen herria” ginela zioen Zegamako gazte hark 1968an. Txanpon handiagoak dauzka orain herriak gogoetatzeko
Aktualitate handiko gaiak, ordea –denboraren poderioz konturatzen da bat–, ziklikoki errepikatzen diren kontuak izan ohi dira. Ez direla hain aktualak, alegia. Teknikaren meditazioa (1998) esku artean hartzen duzu, adibidez, irakurtzen duzu aurrerapen zientifiko-teknologikoek probokatzen dituzten kezkei buruz dioena, eta adimen artifizialarekin txoratuta dabilen mundu honentzat idatzia dirudi. Horrela jarraituko dute gauzek –Manifestu atzeratua berriz ere– “... gure filosofoek ikasten ez badute / ez duela eguna erlojuak egiten”.
Azken minutuko gaiekin gabiltzala, bestalde, garrantzi gutxiko gauza iruditzen zaigu literatura bezalako jarduera bat. Joera dago pentsatzeko besterik pasatzen ez den momentuetarako denbora-pasa hutsala dela. Ez zen hala izan inoiz Azurmendirentzat, filosofoak eta literatoak osatzen zuten pentsalaria. Bizi zela argitaratu zuen azken liburuan (Europa bezain zaharra, 2023) ikus daiteke: idazkera solte batekin, Dante, Petrarca, Makiavelo, Du Bellay, Camoes, Shakespeare eta abarren irakurketa xeheak eginez, Europako estatuetako estereotipo nazionalisten genesiaren lekuko bihurtzen du irakurlea.
Nazioaren iruditeria ez da letretara mugatzen, noski; eta gainera “gure jendea ez da poesia batean kabitzen”. Baina gure poesiak esaten digu zerbait gure jendeaz. Ez dugu irakurtzen, hori da kontua. “Gure klasiko zaletasuna lotsagarriro axalean gelditzen ari da: ez diogu formari baizik begiratzen eta ez diogu begiratzen formari ere”, zioen Zer dugu Orixeren alde-n. Gaur goizean idatzitako esaldia dirudi ze, esandakoa, aktualitateak ez du aktuala izatea lortzen eta gure kultura ezagutzea lau klixe errepikatzearekin nahasten dugu oraindik ere. Orixeri buruzko liburu hori –eta haren bikia: Zer dugu Orixeren kontra–, edo Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan utzikeria orokor horren kontra idatzitako lanak dira, besteak beste.
Azken urteetan apaldu samar dagoen euskal naziogintzari bultzada berria ematekotan, ezinbesteko abiapuntuak izango dira [Joxe Azurmendiren lanak]
“Xentimoka pentsatzen duen herria” ginela zioen Zegamako gazte hark 1968an. Txanpon handiagoak dauzka orain herriak gogoetatzeko. Azurmendiren lan batzuk, berak hitzaurreetan, aurkezpenetan eta elkarrizketetan sarri ekarpen xumetzat jotzen zituen arren, benetan monumentalak dira: beroaldi batean idazten hasi eta jada klasiko bihurtu den Espainolak eta euskaldunak nabarmenduko dute askok egun hauetan. Eta arrazoi asko aurkituko ditu liburua irakurtzen duenak hori hala izan dadin.
Ez dute arreta gutxiago merezi ordea Espainiaren arimaz, Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua eta Volksgeist - herri gogoa. Ilustraziotik nazismora liburuek osatzen duten trilogiak; edo Ernest Renani buruz eta nazioaren kontzeptu “alemaniar erromantikoa vs. frantziar ilustratua” topikoaren inguruan osatutako Historia, arraza, nazioa saiakerak ere, batzuk aipatzearren. Erudizio ikaragarriz osatutako lanak dira eta azken urteetan apaldu samar dagoen euskal naziogintzari bultzada berria ematekotan, ezinbesteko abiapuntuak izango dira.
“Zergatik ez aitortu: / mixerable banaturik gabiltza / mendian otsoak bezala. / Gu, txindurriok zeruaren azpian / argonauta ustean”. 1968 hartan bezalatsu, astinaldi planetarioen erdian berriz ere “hogeita lau sektatan ezpaldu” beharrean ari garen gizaberetxoen komunitate honek erantzunak hobeki pentsatzeko beharra dauka. Agian bere buruari egiten dizkion galderak aldatzekoa ere bai. Lan horietan sartzeko gogoa daukanak Azurmendirekin topo egingo du goizago ala beranduago. Eta gogora ekarriko dio libre izatea eta handi izatea ez direla gauza bera; eta “gure jauntxoak ez direla / sekula gure herria izan ta izango”; eta gure jendea askotan engainatu dutelako dela fidagaitza; eta libertatea ez dela eder; baina etorkizunean dagoela.