argia.eus
INPRIMATU
Eta gu espiralaren erdian biraka ari gara

IƱigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2023ko uztailaren 20a
Deep Reynols. Bilboko Espora Espazioan, ekainaren 29an.

Chihuaha txakur bat telebista baten aurrean jarrita dago. Urrutiko mandoa zapaldu eta Burt Reynolds aktorearen film bat agertu da pantailan. Ausazko hautuak izena eman zion orain 30 urte bete berri dituen Reynols musika talde argentinarrari. Ausazko hautuak edo Eris kaosaren jainkosaren ezkutuko eskuak. Kaosa izan da taldearen bidea markatu duena. Unibertsoa aurreikus zitekeela pentsatu ohi genuen, baina ideia hori XX. mendearekin batera hil zela aipatu zuen John Higgs idazleak. Unibertsoaren konplexutasuna ezin da lege sinpleekin azaldu, lege horiek ez baitira lege, batzuetan, askotan, betetzen ez direlako. Hori argi zuen Reynols taldearen sortzaile den Miguel Tomasinek, eta horren arabera bizi du bere sorkuntza artistikoa. Hori dela eta talde argentinarraren musika sailkaezina da. Tomasinen esanetan: "Mundu honetako eta mundu guztietako talderik onena gara. Oso banda kaskarra gara".

Taldeak 30 urte bete berri ditu 2023an eta zaila da atzera begirada oso bat ematea, hain erraldoia baita sortu duten unibertsoa. Kaosak gidatutako unibertso soniko miresgarria. Hurbilketa ariketa gisa, erakusketa ibiltaria antolatu dute, maiatzetik Euskal Herrian ikusgai dagoena. Bilboko Espora Espazioan, non bestela. Erakusketak argazkiak, posterrak eta prentsatik ateratako materiala bildu eta hilabete batzuetan espazioko hormak apaindu ditu. Horrekin batera ekitaldi ugari antolatu dira, hala nola Buscando a Reynols (2004), Sinti Botuva Tapes (2018) eta Acid Mothers Reynols: Live and Beyond (2020) dokumentalen emankizuna. Erakusketari bukaera emateko ekitaldi berezia antolatu zen: Esporako izaeraren ardatz den Deep Listening entzunaldi kolektibo bat. Hau berezia izan zen, hala behar zuen, eta sei disko (bai, sei) entzun genituen aldi berean. Sei disko estrategikoki jarritako sei iturri desberdinetatik.

Kaosaren espiralaren erdian lagun talde bat batu ginen, biribilean jarritako aulkietan. Horrek izan behar zuen gure espaziontzia, Reynolsen unibertso kaotikoan barrena eramango gintuena. Kiko Monzón izan zen bidaiaren gidaritzapean ibili zena eta berak mimo handiz egindako lanari esker kaosak forma hartu zuen. Soinu eta zarata bola jasangaitz bat espero bagenuen ere, sei diskoen uztarketa neurtuak melodia ederrak sortu zituen eta, une askotan, abesti edo iturri bakar batetik entzuten ari ginela ematen zuen, sei bozgorailuak pieza bakarra emititzen ariko balira bezala. Gerrilla soniko batek milimetrikoki antolatutako sabotaia izango balitz bezala.

Eta hor geunden gu, espiralaren erdian gozatzen, sentitzen genuenari buruz idazten, begiak itxita bidaiatzen, kaos eder eta liluragarriari men egiten.