argia.eus
INPRIMATU
barra warroak
Eta egun bat gutxiago
Behe Banda 2025eko maiatzaren 05
Behe Banda

Bizilagunen obren zarata gogaikarriak esnatu nau gaur ere. Burkoan burua bildu, eta saiatu naiz beste hogei minutuz lo egiten, baina ez zegoen zulagailu hura isilduko zuenik. Jaiki eta apirila hasieran egin nuen eginbeharren taulari begiratu diot; hala zioten errotuladore arrosak eta horiak: bi egunetik behin, gai erdi bat; astean behin, ariketa praktikoetako mota bat dominatuta utzi; egunero, aurreko egunekoaren errepasoa. Ja. Ate ondoko egutegiari begiratu diot segidan: maiatzaren bosta. Ja-ja. Bularretik eztarrirantz sentitu dut zerbait oso sendoa, eta kafe beharra dela pentsatu dut, antsietatea dela ez onartzearren. Sofan eseri naiz armairuko katilu politena esku batean eta telefonoa bestean, hatz lodia gora eta behera.

Alarmak jo dit hamaiketan; “hasi ikasten”, zioen. Posponer.

Ikasmahaian eseri naiz inork ez diezadan alferkeriarik leporatu; ez dezadan, beste behin ere, “badoaz egunak e, lasaiegi ikusten zaitut”-ik entzun. Are amorru handiagoa eman didate hitz horiek azken hilabete honetan, ez dakit; beste batzuetan baino are inpotentzia handiagoa sortu didate. Zergatik ote? Egia diotelako, agian? Ejem. Puntu, intro eta agur.

Hori, batez ere azken hori: ez dela gure kulpa; ez dakigula norena den, baina ez, behintzat, gurea

Mesanotxeko agenda eta paperei begiratu, eta egin behar nituzkeenekin –eta, beraz, beharko ditudanekin– gogoratzen naizenero, dardarka hasten zait begia, eta neure buruarekin haserretzen naiz, beste astebetez ez dudalako asmatu zeregin guztietarako denbora ateratzen. Arnasak ere begiaren erritmo bertsua hartzen dit pixka bat geroxeago, eta une horretan hasten naiz sinesten, ni naizela, agian, zeregin horiei guztiei denborarik eskaini –nahi izan– ez diena; orduan, are gehiago haserretzen naiz neure buruarekin, eta aspaldi egon ez naizen lagun horri idazten diot bazkalostean kafe bat hartzeko.

Gaur ere geratu gara bazkalosteko kafe “indargarri” horretarako, eta gaur ere erabaki dugu tabua izango dela ikasketen gaia; ondorioa beti baita ez dugula denborarik eta ez dela gure kulpa. Hori, batez ere azken hori: ez dela gure kulpa; ez dakigula norena den, baina ez, behintzat, gurea.

Eta, noski, gaur ere bihurtu zaigu bazkalosteko kafea arratsaldeko infusio, eta arratsaldeko infusioa gaueko Cola Cao. Ordenagailua ireki dut etxera iristean; eta justu Driveko apunteen karpetan sartzera nindoala, saguak huts egin eta Netflixen amaitu dut. “Benga, bihar bai. Benetan. Bihar bai”, esan dut nirekiko.

Baina begia dardarka hasi zait berriz ere, eta pantailarengatik izango dela sinetsi nahian, lotara joatea erabaki dut.

Alarma. 7:30. Benga, bihar a tope.