argia.eus
INPRIMATU
Estresari leihoa, hosto-leihoa
  • Leihoak dituela esan ohi da. Hostoak zulatuak ditu eta zulo horiei leiho esaten zaie. “Fenestratua” esaten zaio, latineko fenestra (“leiho”) hitzetik. Ingelesek “hosto zulatua” (perforate leaf) esaten diote, katalanek fulla fenestrada. Euskarazko hiztegietan ez dut honi buruzko ez aipamenik ez argibiderik topatu, eta lakarikada atrebentzirekin neronek proposatu behar dut izena: hosto-leihoa edo hosto leihoduna. Ez didazue ukatuko hostoak zuloa duela esan baino hostoak leiho bat eskaintzen digula esatea ez dela ederragoa, askoz!

Jakoba Errekondo 2023ko irailaren 25a
Zergatik dituzte hostoetan zulo edo leiho modukoak zeriman landareek? Argazkia: Dani Blanco.

Hosto leihodunak dituen landare bat baino gehiago bada; gutxi oso, bakan batzuk besterik ez. Ezagunena oso ezaguna da, euskaraz bi izen baditu: Adanen saihetsa edo zeriman (Monstera deliciosa).

Igokari indartsua da, beste landareen enbor eta adarretan kiribilduz luzatu eta izugarri heda daiteke. Baso tropikaletatik dator eta zuhaitz erraldoien azpian bizi da. Ttikia denean osoko hostoak ditu, bihotz formakoak; luzatu ahala hostoak ebaki handiekin arrailatuak ematen ditu, hortik Adanen sahietsa izena; eta landare handia denean hosto erraldoiak, metro bete diametrorainokoak arrail oso sakonekin eta hosto-leihoak dituztenak. Hostoen aldaketa horri heteroblastia esaten zaio. Hosto-leiho horiek zulo garbiak dira, handixeagoak edo txikixeagoak, eta landareetan hain urria den ezaugarri horren arrazoiaren bila makina bat botanikari aritu izan da.

Batzuek zioten haizeteetatik babesteko zirela, pankartei egiten zaizkien zuloen antzera. Beste batzuek, tenperatura erregulatzeko balio dutela, hostoaren alde bat eta bestea komunikatuz. Besteren batek zioen zulo horietatik barrena ura errazago irits daitekeela zuzenean landarearen sustraijera, hostoak osoak balira irrist egin eta urrunduko litzatekeelakoan. Bada areago doanik ere, hostoaren kamuflaje taktika bat dela dioenik, bere imagina desegiteko eta animalia belarjale handientzako hain nabarmena ez izateko.

Bada, Indianako Unibertsitateko Cristopher Muirek besterik dio. The American Naturalist aldizkarian argitaratu zuen artikuluan, Adanen sahietsaren hosto-leihoen arrazoia argitzeko egin zuen ikerketaren emaitza azaldu zuen: hosto-leihoak edo hosto-fenestrazioak landarea bizi den zuhaizpeko eremu itzaltsuaren faktore erabakigarrienarekiko eboluzio-egokitzapen bat direla iradokitzen du, argi urritasuna alegia. Honela dio: “Baso barruko itzaletan, landareak, fotosintesia egiteko, ezusteko argi distiraren menpe daude, ‘eguzki-izpi apurrak’ izenekoak. Adibidez, haize-bolada batek edo animalia batek baso barruko zeruan edo kanopian adarren bat hautsi edo zuhaitzen bat bota eta landare-estalkian behin-behineko irekidura sortu eta argia sar daiteke”. Muirek, eredu matematikoak erabiliz, neurtu zuen leiho horien bidez zelula kopuru berarekin hosto zabalagoak zituela landareak, eta argi gehixeago hartu eta leihotik igarotzen zen argia azpiko hostoak baliatzen zuela. Horrela argi-hornidura erregularragoa lortzen du, bizirauteko aukera hobetuz eta estresa murriztuz.

Estresak jota zabiltzala? Zure bizitzaren hormetan leiho gutxitxo ez dituzu ba izango?