Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 19 euskal presok zigorren pilatzearen gainean aurkeztutako auzi-eskea artxibatu egin du. Preso horiek Frantziako espetxeetan pasatako urteak Espainian bete beharreko zigorretatik kentzeko eskatu zuten. Estrasburgoko Auzitegiak, ordea, arrazoia eman dio Espainiako Justiziari.
Espainiari arrazoia eman zion iragan urrian. Santiago Arrospide Sarasola, Francisco Mujika Garmendia eta Alberto Plazaolari Frantzian betetako zigorrak aintzat ez hartzea erabaki zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.
Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5.1 artikulua –askatasunerako eskubideari eta legearen kontrako atxiloketari buruzkoa– eta 7. artikulua –araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea– urratu dituela arrazoitu dute salatzaileek.
Haatik, artikulu horietan aipatzen diren giza eskubideak urratzen ez direla iritzita, auzia artxibatzea ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Oraingoan, eskaria egin duten 19 presoei ezetza emateko arrazoiak berberak dira.
Hona salaketa jarri duten 19 presoak: Jose Javier Zabaleta Elosegi, Aitzol Gogorza, Juan Carlos Subijana, Jose Ramón López de Abetxuko, Jose María Arregi, Idoia Mendizabal, Josu Arkauz, Agurtzane Delgado, Oscar Celarain, Xabier Zabalo, Ainhoa Barbarin, Balbino Saenz, Andoni Otegi, Juan Luis Rubenach, Juan Ramon Carasatorre, Miguel Angel Gil Cervera, Angel María Lopez Anta, Francisco Javier Chimeno eta Aitor Agirrebarrena.