Estitxu Breñas, EH Bildu: “Durangoko Azokak alderdikerietatik at beharko luke”

  • Eusko Legebiltzarrak urrira arte atzeratu berri du Durangoko Azokari diru-laguntza handiagoa emateko erabakia. Azokako guneen ereduari eutsi ahal izateko (Saguganbara, Irudienea, Eskenatokia, Kabi@, Ahotsenea), jaso beharreko kopurua 80.000 eurotik 150.000ra handitzea eskatu zuen Gerediaga Elkarteak, EH Bilduren bidez. EAJ, PSE eta PPren botoei esker, ordea, udazkenerako utzi da eztabaida, eta alarma gorria piztu da Azokako antolatzaile eta sustatzaileen artean.


2014ko ekainaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Estitxu Breñas, EH Bilduko parlamentaria EAEko Legebiltzarrean.

Estitxu Breñas EH Bildu alderdiko legebiltzarkideak eman dizkigu ez legezko proposamenari buruzko azalpenak.

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eramadako urgentziazko ez legezko proposamena atzera bota dute gainerako alderdi politikoek. EAJren jarrerak harritu zaitu?

Bai. Gerediaga Elkarteak luzatutakoa emergentziazko deia izan dela uste dugu benetan, aitzakotzat hartu beharrekoa. Gainera, ez da edonoloako proiektua, 50 urte bete dituen azokaz ari gara, euskal kulturan ezinbesteko erreferentzia bihurtu denaz. Legebiltzarrak hartutako erabakiak aurtengo edizioa baldintzatuko du, eta behar bezala antolatuko dela bermatu nahi dugu.

EAJren erantzunak harritu egin gaitu, haien botoak ezinbestekoak zirelako eskaera tramitatzeko. Urrian beranduegi izango da egungo ereduko azokari eusteko. Eragileek ez badute behar den erantzuna garaiz jasotzen, bestelako neurriak hartu beharko dituzte. EAJk gure proposamenari baiezkoa ematea eskero genuen, eta denon artean Durangoko Azokari irtenbide egokia aurkitzea.

Zein irtenbide beharko luke?

Bide zuzena erabiliz, Eusko Jaurlaritzari egin zioten eskaria, baina gu, EH Bildu, Gipuzkoako Diputazioarekin batera ari gara irtenbidearen bila, ekimena babestu beharra dagoela benetan sinesten dugulako. EAEko erakunde publiko nagusiaren inplikazio eza ulertezina zaigu.

Adibide zehatza emango dizut: Guggenheim Museoari 3,8 milioi euroko diru-laguntza emateko arazorik ez dago. Aldiz, bertako kulturaren erreferentzia nagusia den Durangoko azokari 70.000 euro gehiago emateko kalapitak ditugu. Kalkulua egiten baduzu, Guggenheimi urtero ematen zaion diru kopuruarekin 60 azoka egin daitezke.

Ez dugu kultur politika hori ulertzen. Ez dugu zergatik, halako ekimenak dei larria luzatzen duenean, ez garen irtenbidea emateko gai. Benetako konpromisoak hartu behar dira euskal kulturaren alde. Lehentasuna izan beharko luke eta plaza gehiago bermatuko beharko litzaizkioke euskarazko kulturari. Azokak, 50 urte beteko dituen honetan, benetan borondatea badago, bideragarria izan daitekeela frogatu du.

EAJk keinuren bat egingo ote duen susmorik baduzue? Kultura sailburuordeak bilerara deitu du datorren astearterako.

Joxean Muñozek adierazi duenez, azokak izaera nazionala duen heinean, EAEko erakunde publiko guztien laguntza izan beharko luke. Bat gatoz kultura sailburuordearekin, baina hori orekatu eta adostu beharra dago.

Gure ustez, halako ekimenak joko politikotik eta alderdikerietatik at egon beharko luke. Gerediaga Elkartekoekin bilduko direla iruditzen zaigu, eta Eusko Jaurlaritzak erantzun egokia ematea espero dugu. Hala bada, gu pozik, Durangoko Azoka egoera larritik ateratzea baita helburua, eta egungo ereduari eustea. Gure ustez, proiektu estrategiko nazionala da eta une oro babestuko dugu.


Eguneraketa berriak daude