Esteve Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoa argitaratu dute

  • UPV/EHUko Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko kideek Esteve Materraren “Doctrina Christiana” liburuaren edizio kritikoa sortu dute, eta EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratu dute, “Euskararen Lekukoak” eta “Monumenta linguae Vasconum: Studia et Instrumenta” bildumen baitan.


2018ko martxoaren 28an - 11:11
Ekaitz Santazilia, Eneko Zuloaga eta Dorota Krajewska ikerlariak (Arg: Euskaltzaindia)

Esteve Materraren “Doctrina Christiana”-ren lehen edizioak 1617an ikusi zuen argia, Bordelen. Euskaraz inprimaturiko lehen liburuetakoa izateaz gain, ondorengo argitalpenetan sarri erabili zen euskalki literarioa sortu zuen, lapurtera klasikoa.

EHUk eta Euskaltzaindiak liburua ikertu dute, eta erakutsi dute “uste izan dena baino garrantzitsuagoa” izan zela Materra, bai euskal literaturaren esparruan, baita hortik kanpo ere. Materraren ale guztiak galduta zeuden, eta liburuaren lehenengo edizioa ezezaguna zen, Danimarkako Errege Bibliotekan ale bat topatu duten arte.

Dorota Krajewskak EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko ikasle eta ikerlariak aurkitu du liburu galdua. “Hain zuzen ere, horren eta Oxforden gordetako bigarren argitalpenaren ale bakarraren (1623) edizio kritikoa eta azterketa prestatu berri dute Krajewskak berak eta Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko beste kide zenbaitek”, jakinarazi du Euskaltzaindiak. Orain, Euskaltzaindiak eta EHUk eman dute argitara edizio berria.

Krajewskak azaldu duenez, Materrak informazio baliagarria dakar orduko euskal testuen irakurle motaz: “Lehen edizioa haurrek zuzenean erabiltzeko egina da, eta bigarrenak marinelak ditu helburu. Bazen garaiko Lapurdin euskaraz irakurtzen zekien komunitate bat”.

Bestalde, ikerketak erakutsi du Materra idazlea uste baino garrantzitsuagoa izan zela. Erdaraz argitaratu zituen lanek pisua izan zuten kontraerreforma hedatzeko lanetan. “Hain zuzen, horregatik bidali bide zuten garai hartan eta Inkisizioaren txingarren beroan Gaskoniatik Lapurdira, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz. Liburua idazteko, hamar hilabetean ikasi omen zuen euskaraz”, jaso du Euskaltzaindiak.

Ikerlarien ustez, hala ere, Materra erabili zuten liburuaren egile gisa ordurako jada idazle ezaguna zelako eta lanari prestigioa emateko. Orduan nork idatzi zuen? Axular bera izan zitekeen hipotesia dute adituek, baina berau eta Materraren idazteko estiloak alderatuta, oraindik ez dute nahiko zantzu aurkitu idazle hori Axular dela esateko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude