argia.eus
INPRIMATU
Estatus politikoaz bozkatzeko galdeketak egingo dira igandean 23 udalerritan
  • Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 udalerritan galdeketak egingo dituzte igandean, Gure Esku Dago ekimenak bultzatuta. 90.000 lagun inguru daude Euskal Herriaren estatuz politikoaz bozkatzera deituak.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 04a
Herritarrak bozkatzera deitu dituzte lekuan lekuko eragileek / GED

Besteren artean, bozkatzera deituak daude: Arabako Artziniega, Aiara, Amurrio, Laudio eta Zigoitia; Bizkaiko Igorre, Lezama, Zamudio eta Portugalete; eta Nafarroako Doneztebe, Ituren, Zubieta, Lezaun eta Oteizako herritarrak.

"Gure bizitzetan lehen aldiz izango dugu aukera igandean Euskal Herriaren etorkizunaz bozkatzeko, ez baitigu inork behin ere galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun", azaldu dute udalerriotako eragileek. "Nahiz eta jakin maiatzaren 6ko galdeketen ondoren ez dela alkaterik aldatuko eta ez dugula lau urtetako politikan zuzenean eragingo, argi dugu prozesu honek merezi duela. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik nola gauzatu jakitera pasatu gara. Galdeketaren ostean, gure herria helduagoa izango da, ahaldunduagoa, burujabeagoa".

Orain arte 180 herritan egindako galdeketetan ia 177.000 lagun mobilizatu dira. Igandean beste 90.000 pertsona inguruk izango dugu bozkatzeko aukera, behin behineko errolda datuen arabera.

Nafarroako armarria eta giza katea

Maiatzaren 19an, Nafarroako armarria irudikatzen duen mosaiko koloretsua egingo dute Iruñeko Gaztelu plazan, "nafarron burujabetza nahia sinbolizatzeko asmoz". Elastiko eta zapi gorriak jantzita, armarriaren kateak marraztuko dituzte herritarrek. Mosaikoaren antolaketa errazteko aldez aurretik izena ematea komeni dela nabarmendu du Gure Esku Dago ekimenak. Webguneko formularioa bete behar da horretarako.

Halaber, ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katean lekua ziurtatzeko, deia luzatu du GEDk beste formulario hau bete eta 5 euroren ordainketa egiteko.