Espainiako Autonomia Estatutuak berritu aurretiko konstituzionaltasun helegitea berriz ere abian jarri ahal izateko lege proposamena egin zuten PPk eta PSOEk urtarrilaren 24ean. Neurriak edozein autonomia-estatutu berritzeko erreferenduma atzeratzea ekarriko luke. Gaur eztabaidatuko dute kongresuan.
PPk eta PSOEk bultzatutako proposamenarekin, estatutuak martxan jarri aurretik Auzitegi Konstituzionalak erreformen konstituzionaltasuna frogatzeko ahalmena berreskuratzea nahi dute. Bi alderdiek egun berean aurkeztu zituzten euren proposamenak, joan den urtarrilaren 24ean.
Proposamenen arabera, Espainiako presidenteak, Herriaren Defendatzaileak, 50 diputatuk edo 50 senatarik, estatutu-erreforma onartzerako momentu berean, aurretiko konstituzionaltasun helegitea aurkezteko gaitasuna izango lukete.
Auzitegiak inkonstituzionaltasun motaren bat aurkituko balu, estatutua berritzearen tramiteak gelditu beharko lirateke, arauak aldatu edo bertan behera utzi arte.
Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaileak PPren eta PSOEren erabakiak salatu ditu. “Proposamena larria iruditzen zaigu aurkitzen garen momentua kontuan izanda”. Gaur bideratzen hasiko den aurretiazko errekurtsoaren bidez botere judizialak botere legegilean eskua sartzen duela adierazi du Estebanek.