Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako gobernu programak aurreikusten du autogobernu ponentzia bat osatzea Eusko Legebiltzarrean eta hortik ateratako emaitza “herri kontrastearen mende” jarriko lukete. Gisa horretan definitu du Iñigo Urkulluk hauteskundeetan agindutako autogobernuari buruzko galdeketa, 2015erako “estatus politiko berria” ekarriko lukeena.
Gobernu programaren txostenak 615 ekimen eta 161 helburu zehaztu ditu: Zerga sistemaren erreforma; Lanbideren kudeaketa “birbideratzea”; AHTari babesa; ikerkuntza, lehiakortasuna, nazioartekotzea eta turismoa bultzatzea; Pasaiako badia biziberritzea; enpresa txiki eta ertainei laguntza; “Ertzaintzaren eredu berria”; euskararen “hazkunde soziala” sustatzea eta hizkuntza politika Jaurlaritzaren ekimenen “zeharkako ardatz” bihurtzea…
Bakegintzaren inguruan ere hainbat ekimen abiatu nahi ditu EAJren gobernuak, hala nola, azken 50 urtetan izan diren giza eskubideen urraketen datu base independentea egitea; bake eta bizikidetza plan bat osatzea; Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa, besteak beste, espetxe politikaz… “Iraganaren kontakizun ugariak txertatuko dituen bake eta bizikidetza kultura eraiki behar da” dio testuak.
Programaren azken atala baliatu du Eusko Jaurlaritzak estatus politiko berriaz hausnarketak egiteko, Euskadi, Europako nazioa goiburu duela. Eskozia, Flandria eta Kataluniako kasuak aipatzen ditu testuak, eta dio “subiranotasun politikoa, ekonomikoarekin” lotu beharra dagoela.