Madrilgo gobernuak EAEko Estatuaren Bortizkeriaren Biktimen Legeari helegitea jarri dio Konstituzio Auzitegian. Legea azken legealdiaren amaieran onartu zen Eusko Legebiltzarrean, uztailaren 28an, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Horrekin batera, Ertzaintzaren 2015eko Enplegu Publikorako Eskaintza ere errekurritu du.
Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak PPren erabakia “autogobernuari mespretxu” egitea dela salatu du. Horri legea Gernikako estatutuak aitortzen dituen eskumenen barruan dagoela gehitu dio. Legearen helburua 1976 eta 1999. urteen artean “motibazio politikoko indarkeria egoeran” gertatutako giza eskubideen urraketak aitortu eta biktimei ordaintzea da. Bereziki estatuko funtzionarioek eginiko kalteak aipatzen ditu.
Helegitea aurkeztu ondoren, bi aldeek, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, sei hilabete dituzte adostasun batera iristeko. Erkorekak negoziazioetan legea defendatuko dutela azaldu du: “Lege hau indarrean mantentzen eta Euskadiren bizikidetzan aurrera egiten lagunduko digun akordioa lortzeko borondatea dugu”.
Madrilen ustez, ordea, autonomia erkidegoen eskumenak gainditzen ditu legeak. Biktimen eskariak aztertzeaz arduratuko den Balorazio Batzordeari ikertzeko ahalmena ematen dio eta hori epaitegien lana dela defendatzen dute. Jaurlaritzaren hitzetan, Balorazio Batzordearen ikerketek balore administratiboa besterik ez dute.
Bi aldeek ez badute akordio batera iristea lortzen Espainiako Konstituzio Auzitegiak erabaki beharko du legea bertan behera utzi edo ez.