argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren biktimek azken hamar egunetan jasan dituzten irainak eta umiliazioak salatu ditu Egiari Zor fundazioak
  • Estatuaren biktimen Egiari Zor fundazioko kideek azken egunetako hainbat gertakari eta deklaraziok eragindako egonezina salatu dute. Besteak beste, Rafael Vera, Ramon Jauregi eta Villarejo komisarioaren deklarazioak aipatu dituzte.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 27a
Argazkia: Egiari Zor

Azken egunak gogorrak izan direla salatu dute estatuaren biktimek, Egiari Zor fundazioak egindako prentsaurrekoan. Hain zuzen ere, hainbat erakunde eta alderdi politikok aldarrikatzen duten ikuspegi etikotik begiratuta "ulertezinak" egin zaizkie hainbat gertakari. "Laidoen eta umiliazioen aurrean sektore politiko eta instituzional batek" mantendutako isiltasun osoa salatu dute.

Izan ere, azken asteetan estatuaren indarkeriaren inguruko hainbat berri izan dira. Espainiako Gobernuak HBko kideei gutun-bonbak bidali zizkiela azaleratu zuen hilabete hasieran aspaldiko grabaketa batek. Horrez gain, kondenatua izan eta gutxira Aznarren Gobernuak alderdi sozialistako beste kide batzuekin batera indultatua izan zen Rafael Verak estatu-terrorismoa berriz ere goratu duela gogoratu dute. Espainiako Barne Ministerioak Giza Eskubideak bortxatzeagatik 1994an kondenatutako polizia bati domina bat eman izana, Ramon Jauregik berriz ere PSOEk GALen gaineko erantzukizun politikoa duela ukatu izana, eta Villarejo komisarioak Espainiako Kongresuan egindako deklarazioetan gerra zikina goraipatu izana ere deitoratu dute estatuaren biktimek.

Prentsa aurrean gertakarion aurrean "beren burua erreferente etikotzat" dutenak mutu geratu izana salatu dute Egiari Zor fundazioko kideek, eta Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu zaizkie.