argia.eus
INPRIMATU
Estatuak euskararekiko erakutsi duen jarrera salatuko dute astelehenean Uztaritzen
  • Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak egin dute deialdia. Uztailaren 14an, 18:00etan, Uztaritzeko Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute. Herriko Etxeak euskara hizkuntza ofizial izendatu du eta suprefetak, egun berean, erabakiaren aurka hitz egin zuen.

ARGIA @argia 2014ko uztailaren 11
Euskal Konfederazioak Baionan egindako elkarretaratzea 2013an. Argazkia: Gaizka Iroz / Kazeta.info.

Honako testua onartu zuten Herriko Etxean euskarari ofizialtasuna emateko: “Euskara, gure herriko eta lurralde honi (Euskal Herria) izena ematen dion hizkuntza dela, baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela kontuan harturik, Herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofiziala izendatzen du frantsesaren hein berean”.

Frantziako Estatuaren ordezkari Patrick Dallenes suprefetak azaldu duenez, “epaitegi administratibora igorriko da tarterik ahalik eta laburrenean eta zuzenenean, eta berehalako auzi prozedura eginen da”. Sud Ouest egunkariari adierazi dionez, ziur da erabakia bertan behera geratuko dela.

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Uztaritzeko Herriko Etxea zoriondu dute hartutako erabaki ausartagatik, eta era berean, Frantziako Estatuaren esku-hartzea salatu dute. Udalbiltzak eta UEMAk ere sostengua adierazi diote herriko etxeari.

Estatuaren jarrera salatzeko, uztailaren 14an Uztaritzeko Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute.