argia.eus
INPRIMATU
Espainiak AHTrentzat 222 milioi bideratuko ditu, baina EAJren ustez “ez da nahikoa”
  • Espainiako Estatuak 257,8 milioi euro bideratuko ditu 2015ean Hego Euskal Herriko AHTren lanetara. EAEk jasoko dituen 221,8 milioi euroak ez direla nahikoa esan du Kongresuan EAJko bozeramaile den Pedro Azpiazuk, kopuru horiekin urte asko behar izango direlako proiektua amaitzeko.

ARGIA @argia 2014ko urriaren 01
Azpiazu: "Euskal Y-ak 2011rako amaitua egon beharko luke, eta ziurrenik 2020rako ere ez da bukatuko"

"Teorian proiektuak 2011rako amaitua egon behar zuen, eta ziurrenik 2020rako ere ez da bukatuko", esan du Azpiazuk, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jaso duenez. "Ez dirudi proiektuak interes handirik pizten dienik, teorian lehentasunezkoa den arren bai Gobernuarentzat baita Europarentzat ere", adierazi du.

Espainiako Estatuko aurrekontu proiektua onartuz gero, beraz, aurtengo aurrekontuarekin alderatuta 71,3 milioi euro (%38) gehiago emango ditu Espainiak 2015ean.

Bizkaiko zatietako lanek 97,7 milioi euro jasoko dituzte, aurten baino 77,4 milioi gehiago; Gipuzkoan 84,5 milioi inbertituko dira, aurten baino 19,3 milioi gehiago; Araban 39,5 milioi, aurten baino 25,7 gutxiago; eta Nafarroan –Zaragoza-Iruñea zatian– 36 milioi euro, aurten bezalatsu.

Bizkaia, Araba eta Nafarroari dagokienez, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaileak jasoko du dirua. Gipuzkoaren kasuan Eusko Jaurlaritzak ordainduko du, gerora kupoaren bitartez berreskuratzeko.

EAEra bideratutako diru kopuruak Espainiako Gobernuaren "konpomiso eza" erakusten duela demostratzeko, hainbat datu bildu du Noticias de Gipuzkoako kazetari J. Garciak. Esaterako, Sustapen Ministerioak 500 milioi euro inbertituko dituela Ourenseko AVEren obretan, eta 1.359. milioi Mediterraneoko Korridorean.

Bestetik, ez dago partidarik bideratuta "euskal Y" sarea Burgos eta Iruñearekin lotzeko, beharrezkoak direnak Madrilekin eta Mediterraneoko Korridorearekin bat egiteko. Espainiako Gobernuak iragarri duenez, 2018an hasiko dira Valladolid-Burgos-Gasteiz arteko bidea egiten.

Halaber, Bergarako lotuneko zatiak oraindik lizitatu gabe daudela aintzat hartuta, Espainiak bideratutako diru kopurua motz geratzen dela are argiago erakusten du, kazetariaren iritziz.