argia.eus
INPRIMATU
Estatu kolpe giroa Venezuelan?
  • Igandeko hauteskundetan Nicolas Madurok garaipena lortu ostean, giroa sutu egin da. Oposizioko buru Henrique Caprilesek botoen zenbaketa berria eskatu du, eta hura egin gabe Maduro presidente izendatzeak haserrarazi du oposizioa. Horren ondorioz, istiluak izan dira herrialde osoan eta presidente berriak salatu du estatu kolpea jotzeko giroa eratzen ari dela.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 16a
Nicolas Maduro garaipena ospatzen (Argazkia: rt.com)

Botoen kontaketa eskatzeko “eltzejotzeak” egiteko deia egin du Caprilesek. Alabaina, istiluak izan dira. Kubako medikuen laguntza duten Diagnostiko Osorako Gune Medikuak (CDI gaztelaniaz) eta Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren (PSUV) egoitzak erre dituzte hainbat hiritan, besteak beste. Aporrea.org webguneak dioenez, Tachira, Miranda eta La Limonera hirietan Chavezen aldeko militanteak hil dituzte.

Eraso batzuk oposizioko hedabideek bultzatuak direla salatu du Aporreak. Esaterako, Nelson Bocaranda kazetariak bere twitter kontuan CDIetan hauteskunde kutxa ezkutatuak daudela publikatu eta, ondorioz, horiek erasotzen hasi dira.

Hedabideak ere oposizioaren xede izan dira. Telesur telebista kateko presidente Patricia Villegasek salatu du Caprilesen aldekoek Caracaseko egoitza inguratu eta langileak mehatxatu dituztela. VTV kateak ere erasoak jasan ditu.

Nicolas Madurok azpimarratu du oposizioa estatu kolpea prestatzen ari dela. Horregatik, “era baketsuan borrokatzeko” deia egin du.

Bestalde, Maduroren aldekoek adierazi dute legerik ez dutela hautsi. Izan ere, bozketaren aktak berrikusteko borondatea azaldu dute, eta hori dela legeak eskatzen duena eta ez Caprilesek eskatzen duen “botoz botoko” kontaketa.

Birkontaketa zergatik?                                                                                       

Hauteskundeak egin aurreko inkestek Maduro ematen zuten nabarmen garaile. Emaitza ofizialak, berriz, oso parekatuak izan ziren: %50,6 Madurok, %49,1 Caprilesek.

Andrea Coa kazetariak dio hauteskunde egunean momentuan atzeman ez zen birus informatiko batek erasotu zituela botoak jasotzen zituzten ordenagailuak. Bere ustez, “plana” gaizki atera izanak eraman du oposizioa emaitzen berrikusketa eskatzera. Aurreikuspenak ikusita, Coaren ustez, emaitzak “susmagarriak” izatekotan, ez dirudi Maduroren alde direnik.