argia.eus
INPRIMATU
Estatu Islamiarraren buru militar berria Tajikistangoa da eta AEBetako militarrekin entrenatua
  • Azken hilabeteotan AEBeko militarrek Estatu Islamiarraren lehen eta bigarren buruzagia hil ondoren, Gulmurod Khalimov izendatu dute orain islamisten lider militar. Tajikistango indar antiterroristetan koronel gradua zeukala, desertatu eta AEBetara jo zuen. Khalimovek berak publikoki aitortu du –iparramerikarren kezkarako– AEBetako armadaren eliteko taldeekin entrenatu dela.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 07a
Guldumurod Khalimov Estatu Islamiarraren lider militar berria, duela hilabete batzuek erakundeak berak zabaldutako bideo batean.

Washington Post egunkariak 2015eko maiatzean iragarri zuen: "Tajikistango indar berezien komandante AEBek entrenatua Estatu Islamiarrera pasatu da". Siriako gerran karrera bizkorra eginik, orain islamisten buru militar izatera iritsi da Gulmurod Khalimov. Sputnik News hedabideak zabaldu du albistea eta Estatu Islamiarrak ez duen arren orain artean bere arduradun militarren izenik eman izan, iturria Mosulgo Al-Sumaria egunkaria aipatuz iturri fidagarritzat.

Estatu Islamiarrak bi agintari militar nagusiak galdu ditu joan den udan, Abu Bakr al-Baghdadi ekainean, Abu Omar al-Shishani uztailean, biak ere AEBen aireko erasoetan. Al-Baghdadi Irakeko Samarran sortua zen eta apeza izana zen. Al-Shisani Georgian jaioa zen eta etniaz txetxeniarra, hortik bere izena. 

Kontua da Khalimov AEBetako eliteko militarrekin formatua dela, herrialde hartan hiru aldiz entrenatzen aritua, duela hilabete batzuk zabaldutako bideo batean berak aitortu zuenez:

Khalimovenak oroitarazten du udan amerikarrek hildako Al-Shishaniren kasua. Sortzez Tarkhan Tayumurazovich Batirashvili izena zuen Al-Shisani Georgiako armadan aritu zen eta militar amerikarrek entrenatua zuten; 2008ko gerrran errusiarren kontra aritu eta handik denbora batera desagertu zen, azkenean Sirian agertzeko.

Washingtongo gobernuak 3 milioi dolarreko saria agindu du Gulmurod Khalimov –laster jakingo da EIko armadan zein den bere izen musulmana– hilik edo bizirik harrapatzeko bidea egiten dionarentzat.