argia.eus
INPRIMATU
Garbiñe Aranburu (LAB):
“Estatalizazioa hedatzen ari da olio orbanaren moduan”
  • Lanuzte eta mobilizazio eguna izan da asteazkena LABek deituta, estatalizazioak negoziazio kolektiboan duen eragina salatzeko. Hego Euskal Herriko hiriburu eta eskualdeetan 135 tokitan egin ditu halako ekimenak.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 31
Alcampo merkataritzagune aurrean hitzaldia Garbiñe Aranburuk (arg.: LAB)

"Estatalizazioa bere bidea egiten ari da; hedatzen ari da olio orbanaren moduan: gaur egun, langileen heren bat dago estatalizaziopean eta erdia arriskuan dago", azaldu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Ooartzungo Alcampoko merkataritzaguneko atarian.

Lan harremanen euskal esparrua aldarrikatzeko eguna izan da maiatzaren 30a LABek deituta eta 135 tokitan elkarretaratzeak eta lanuzteak egin dituzte. Aranbururen esanetan sindikatu horrentzat negoziazio kolektiboa "blindatzeak" lehentasuna dauka eta bide horretan izandako "ausardia eta determinazioa" nabarmendu ditu.

Kalera atera diren "milaka eta milaka" lagunen bultzadari esker estatalizazioaren kontrako borroka "indartuko" duela iragarri du LABek: "Lan mundutik ere inboluzioaren aurrean erantzun sozial zabalerako eztabaida sustatu eta baldintzak sortuko ditugu".