Euskal Herria, txikia izanagatik, aberatsa da nekazaritza dibertsitate aldetik, baita eredu aldetik ere. Gure herriko iparmendebaldetik begiratuta baserri eredu bat dugu gure iruditerian, baserri txiki-ertaina, nahiz eta hemen ere badugun denetarik. Hegoaldera goazelarik,ordea, eta bereziki Nafarroan, beste errealitate batekin egiten dugu topo.
Azken urteetan Nafarroan sektore agroalimentarioa jarduera ekonomiko oso indartsua bilakatu da, bereziki Iruñatik behera. Automozioaren ondoren bigarren tokia hartzen du, 14.000 lanpostu inguru sortuz eta 2017an milioi bat eurotik gorako irabaziak ukanez, 2016an baino %13 gehiago. Elikagaien esportazioa gorakada izugarria izaten ari da, 2008tik %125 hazi delarik arlo honetako esportazioen kopurua. Eta goraka doan negozioa da. Denetarik saltzen da merkatu global horretan: barazkiak, frutak, olioa, ardoa, esnekiak, txerrikiak, e.a. Nafarroako ubidea bezalako proiektuaren sustatzaileek, publikoek zein pribatuek, buruan darabilten eredua hauxe da, hain zuzen ere, esportaziorako merkantziak ekoiztea.
Elikagaien industria horren oinarrian lurraldearen lur zabalean lantzen den lehen sektore indartsu bat dago. Baina nolako eredua dugu gaur egun indarrean? Mejanako nekazari txikiak desagertuxeak dira, eredu agroekologikoan ari direnak gutxi batzuk, “Errigorako” esperientzian parte hartzen duten nekazariak anekdota dira “eskala handira” eredu intentsibo-industrialean ekoizten dutenekin alderatuta. Hauen artean, berriz, hiru profiletako ekoizleak bereizi genitzake: nekazari txikiak, nekazari handiak edota elkarteak eta nekazaritza enpresak. Eredu honetan ez da elikadura burujabetza klabeetan ekoizten, mundu mailako merkatu globalera begira dagoen nekazaritza elikagaien industriarentzat edota banaketa kate handien zerbitzura dauden bitartekarientzat lehengai edota merkantzia merkea ekoiztea da helburua, nekazaria sarri morroi hutsa bilakatuz.
Eskala handira elikagaiak ekoizteko eredu honek soldatapeko langilea kontratatzea ezinbestekoa du (sasoi bakoitzerako edota urte osorako, produktuaren arabera) eta bi baldintza eskatzen ditu: kontratatzeko malgutasuna eta kostu baxuak bermatzea. Soldatapeko langileena ez da oraingo kontua, ordea. Iraganean “brazeroak” kontratatzen zituen nekazariak, zainzuri eta piper bilketara etortzen ziren eta diren jornalari andaluziarren kasua ere aspaldikoa da. Egun oraindik 3.000-ren bat etorri ohi omen dira Nafarroako Erriberara. Hala ere, eredu intentsibo-industriala nagusitu den heinean landa eremuan langileak kontratatzearena erabat zabalduta dagoen praktika da, aldi-baterako zein lanpostu mugagabe asko sortuz. Bertako autoktonoek jadanik nahi ez ditugun lan gogor eta gaizki ordaindu horiek etorkinek egiten dituzte, paperadunak zein paperik gabeak, kontratupean zein beltzean.
Nolako lan baldintzetan? Huerta de Peraltako langileen borrokari esker ezagutu dugu ezkutuan zegoen errealitate gordina: kostuak murrizte aldera, gizon-emakume hauen egoera hauskorraz baliatuta, zein baldintza prekarioetan, esplotazio egoera latzean askotan, ari den soldatapeko langile asko lanean. Egia da nekazari askok sektoreko hitzarmena betetzen duela eta lan eskubideak aintzat hartzen dituela. Baina beste kontratatzaile askok, ez. Etorkinak, zigor bikoitza sufritzen duten baztertuak: hemen egurtuak eta euren lurraldetatik beharrak deserriratuak. Gogoratu behar baita kasu gehienetan gizon-emakume hauek euren jatorrizko herrietan nekazari txikiak izanak direla eta alde egin behar izan dutela besteak beste elikadura sistema globalizatuak bulkatuta, merkatuen liberalizazioaren ondorioz lokal mailako ekonomiak suntsitu eta bizibideak eta baliabideak ukatzen ari zaizkielako, eskala handira ari den nekazaritza intentsibo-industrialaren eta esportazioaren logika inposatzen ari delako toki guztietan. Jakina da mundu mailan nekazari txikiak desagertzen ari diren neurri berean ari dela hazten landa eremuko soldata-pekoen kopurua.
Azken hamarkadetan areagotzen ari den fenomenoa delarik hau. Eta ez da joan behar urrutira hau ikusteko. Hemen, Nafarroan, errealitate hori bera dugu nagusi. Eredu horrek urrutikoak ez ezik bertako nekazari txikiak ere kaltetzen baititu. Soldata-pekoak gaizki eta txikiak ere errenta duin bat lortzeko gero eta zailtasun handiagoarekin. Beraz, zenbait arduradun politikok eta nekazaritzako eta elikagaien industria erraldoi horretako enpresaburuk horrenbeste goraipatzen duten eredu hori piramidearen goiko erpinean daudenentzat baino ez da onuragarria eta negozio iturri bikaina. Horregatik, logika kapitalista eta produktibista hau gainditzeko landa eremuko langile guztiak (izan nekazari-abeltzain edota soldatapeko langile, izan autoktono edota etorkin) ezinbestekoa dugu indarrak batzea elikagaiak gure izerdiz ekoizten ditugunon eskubide sozial eta lan arlokoak borrokatzeko.
Epe motzera landa eremuan duintasunez bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak aldarrikatzea dagokigu, prezio justuak edota soldata eta lan baldintza duinak bermatzeko eskatuz guztiontzat. Eta epe luzera, mundu mailan horrenbeste desoreka ekologiko eta sozial sortzen duen egungo elikadura eta nekazaritza eredua eraldatuko duten estrategiak eta proposamenak lantzea da gakoa, herrien elikadura burujabetza eta ingurumena eta landa eremuko pertsona guztien giza eskubideak modu integralean errespetatuko dituen nekazaritza herrikoia eta iraunkorra eraikitzea izanik gure iparorratza. Gizon-emakume guztiok gure elikagaiak ekoizteko baliabideak gure esku izan ditzagun eta inork bere sorterritik edota herritik bortxaz alde egin beharrik izan ez dezan.
Artikulu hau Etxaldek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.