argia.eus
INPRIMATU
Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa
  • 40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez ditu bere gain hartu atentatu horiek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 28a

Goizaldeko ordu txikietan atera du Frantziako Estatuak espetxetik Georges Ibrahim Abdallah preso politikoa, ahalik eta oihartzun apalena izateko helburuarekin. Goizaldeko 03:30ean joan zaio bila presondegira Frantziako Polizia, eta Okzitaniako Tarbes aireportura eraman dute segidan, Beirutera eramateko berehala. Jaioterrira 14:00 aldera heldu da, eta harrera beroa jaso du. Ehunka lagun elkartu dira militanteari harrera egiteko. Bere lehen hitzak palestinar erresistentziari zuzenduak izan dira, eta herrialde arabiarrei dei egin die Palestinaren alde lerratzeko eta borrokara batzeko. 

74 urte ditu egun Abdallahk. Joan den urrian 40 urte bete zituen espetxeratua izan zela, eta Europako presondegi batean denbora gehien zeraman presoa izan da. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta dokumentu faltsu batzuk ukaitea leporatuta atxilo hartu bazuten ere, Frantziako Lyon hirian, handik hiru hilabetera akusatu zioten diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzea. Berak ez ditu inoiz bere gain hartu atentatu horiek, baina, hein berean, ez ditu inoiz bere ideia politikoak baztertu. 

1999tik baldintzapeko askatasunean egon bazitekeen ere, sistematikoki errefusatu egin dio Frantziak aukera hori. Makina bat bider egin du eskaera, baina beti atzera bota diote. Harik eta joan den uztailaren 17an, Parisko Dei Auzitegiak estraditazioa onartu zion arte. Ia 41 urte espetxean eman ondoren, eta Abdallahk 74 urte beteak dituenean, epaitegi batek estreinakoz esan du Abdallah aske uztea ez dela "segurtasun publikorako mehatxua". Libanoko iparraldeko bere herrixkan azken egunak bakean igarotzeko asmoa azaldu du Abdallahek.

Abdallahri buruz gehiago jakiteko, jo Jenofa Berhokoirigoinek idatziriko erreportajera; bere abokatu Jean-Lous Chalanseti elkarrizketa egin zion. Joan den urrian argitaratu genuen ARGIAn eta azala ere eskaini genion.