Espainiako Gobernuak indultuak onartuta, ekainaren 23 honetan atera dira espetxetik Kataluniako buruzagi independentistak. Honakoa Espainiaren eta Kataluniaren arteko eztabaidetan aurrerapausoa da Sanchezen arabera, baina amnistia eta beste erreferendum bat beharrezko ikusten dituzte katalanek.
Astelehenean Espainiako presidente Pedro Sanchezek iragarritakoari segi, asteartean Kataluniako buruzagi independentisten indultuak onartu zituen Espainiako Ministro Kontseiluak, eta asteazkenean Espainiako Aldizkari Ofizialean indultu dekretuak argitaratu ostean, preso zeuden buruzagi independentistak espetxeetatik irten dira asteazken eguerdirako.
Goizeko 10:30ean jaso dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoa Bartzelonako Lledoners, Puig de les Basses eta Wad-Ras espetxeek, Generalitateko Justizia Kontseilaritzak jakitera eman duenez. Eta orduz geroztik espero zen modura, 12:00etan ekin diote preso zeuden buruzagi independentistak askatzeari. Carme Forcadell Lluís izan da kalera irteten lehena, eta atzetik jarraitu diote gainontzeko zortziek.
Bederatzi buruzagi independentistei onartutako indultuak partzialak dira. Izan ere, diru publikoa modu bidegabean erabiltzeagatik eta sedizio delituengatik agindu zitzaizkien espetxe zigorrak bertan behera geratu arren, inhabilitazio zigorrak bete beharko dituzte. Presoek hiru eta sei urte arteko epean delitu larriren bat egingo balute, Espainiako Gobernuaren erabakia atzera botatzeko aukera legoke.
Pedro Sanchezen iritziz, indultua Espainiaren eta Kataluniaren arteko eztabaidetan etapa berri bat abiatzeko lehen urratsa izan daiteke, "orria pasatzeko eta inoiz utzi behar ez zen bidera itzultzeko garaia" delakoan. Alabaina, alderdi independentistek balizko negoziaketetarako amnistia eta beste erreferendum bat ikusten dituzte beharrezko. Pere Aragones Kataluniako presidentearen hitzetan, "independentismoaren eta ehunka errepresaliatuen aurkako kausa orokorra" konpontzera bidean amnistia beharrezkoa da.
Amnistiaren aldarrikapena herritarren ahotik ere helarazi zitzaion Espainiako gobernuburuari astelehenean, agerraldia egiten ari zen bitartean milaka pertsona bildu baitzen Bartzelonako Gran Teatre del Liceu kanpoaldean, protestan. Kataluniaren independentziaren aldeko aldarriak egiteaz harago, prozesu independentistaren harira atxilotutako preso politiko guztien amnistia exijitu zuten kalean, baita 3.000tik gora errepresaliatuen aurkako jazarpena etetea ere. Ildo berean egin zituen adierazpenak CUP alderdiko bozeramaile Laia Estradak ere, azpimarratuz indultu hauek babesik gabe uzten dituztela "mobilizazio independentistetan parte hartzeagatik errepresaliatutakoak, horietako batzuk kartzela zigorrekin".