argia.eus
INPRIMATU
Espetxetan jarduerak edo emankizunak antolatu nahi dituzten artista eta eragileei auto-zentsura agiri bat sinatzea exijitzen hasi da Jaurlaritza
ARGIA @argia 2025eko martxoaren 19a
Jaurlaritzak azaroan adierazi zuen espetxeetan kultur emanaldiak antolatu ahal izateko baldintzak gogortuko zituela, ezagutu ostean Fermin Muguruzak 'Sarri Sarri' abestia jo zuela Martuteneko espetxean.

Euskadiko espetxeetako aisialdi, gizarte eta kultura jardueretan espetxe-tratamenduaren helburua eta delituen biktimen duintasuna eta sentimenduak errespetatzeko konpromisoa du izena dokumentu laburrak. Jardueran parte hartuko duten pertsona guztiei “zinpean” hainbat “konpromiso” hartzea exijitzen dizkie, besteak beste: “Jarduna eta haren edukiak, betiere, askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko prozesuaren eta espetxe-tratamenduaren xede den jokabide prosozial egokiaren aldekoak” izango direla; “inola ere” ez dituztela “iraindu edo kaltetu inolako delituren biktimen duintasuna eta sentimenduak”; edo “delituak edo jokabide antijuridikoak egitearen aldeko edozein adierazpen” ekiditea.

Agiriak sinatzailearen sinadura publiko egiteko “berariazko baimena” ere eskatzen du.

Agiria osorik

Hemen dokumentua osorik euskaratuta, jatorrizkoa gazteleraz soilik baitago (jatorrizkoa albistearen amaieran):

Euskadiko espetxeetako aisialdi, gizarte eta kultura jardueretan espetxe-tratamenduaren helburua eta delituen biktimen duintasuna eta sentimenduak errespetatzeko konpromisoa

Zinpean adierazten dut ezen ordezkatzen dudan entitateak eta goian adierazitako jardueran parte hartzen dugun kide guztiok konpromisoa hartzen dugula:

1.- Jarduna eta haren edukiak, betiere, askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko prozesuaren eta espetxe tratamenduaren xede den jokabide prosozial egokiaren aldekoak izango direla. Ildo horretan, funtsean eta forman, saihestu egingo dira giza eskubideen, ordenamendu juridikoaren eta espetxeetako tratamendu psikosozialaren aurkako balioak eta jarrerak babestea, justifikatzea eta goratzea ekar dezaketen adierazpenak.

2.- Era berean, jarduerak eta edukiek ezin izango dute inola ere iraindu edo kaltetu inolako delituren biktimen duintasuna eta sentimenduak, edozein dela ere babestutako ondasun juridikoa.

Ildo horretan, delituak edo jokabide antijuridikoak egitearen aldeko edozein adierazpen saihestuko da, bai eta justiziaren ekintzaren kontrakoak, edo LGTBI+ taldeak, emakumeak, terrorismoaren biktimak, desgaitasuna duten pertsonak, atzerritarrak edo bestelako indarkerien biktimak bezalako kolektiboekiko mespretxua edo gorrotoa erakusten dutenak.

Eta hala jasota gera dadin, dagokion lekuan, konpromiso hau publiko egiteko berariazko baimena emanez, hemen sinatzen dut:

Debekuak, aspaldikoak

2024an hasi zen legegintzaldian hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila PSEk bere gain EAJren eskutik, María Jesús San José sailburua buru. Dena den, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetan kirol edo kultur jarduerak egiteko debekuak aurrekoak dira. Jaurlaritzak 2022ko urrian espetxeen eskumena eskuratu zuenetik, hainbat talde eta pertsonari ukatu zaio sarrera arrazoirik eman gabe, baina ez modu sistematikoan. Orain arte, ordea, sartzeko baimena ematen zitzaienei ez zitzaien haien mezu eta portaeren inguruko agiririk sinatu arazten.