Larunbatetik iganderako gauean egin zion eraso emakumeari. Igandetik astelehenera bitartean, sexu abusuengatik beste bi gizonezko salatu dituzte, bata Gasteizen eta bestea Iruñean.
Erandioko sexu erasoa larunbatetik iganderako gauean jazo zen, Erandioko Akarlandan. Emakumea autoan zegoen lo, eta 41 urteko gizonezkoa bertara sartu zen, eta ihes egin zuen geroago, emakumearen lagun batek ikusi zuenez. Emakumea esnatu zenean ohartu zen jasandako sexu erasoaz.
Ertzaintza erasotzailearen bila aritu ostean, Astrabuduan aurkitu zuten igandean. Akarlandako parkean egon izana aitortu zuen honek, eta atxilo eraman zuten Eusko Jaurlaritzak jakitera eman zuenez. Epailearen aurretik pasa ostean, espetxeratu egin dute.
Erasoa gaitzesteko, elkarretaratzea deitu dute Erandioko Txoko Feministak eta Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturalak. Astearte arratsalderako egin dute deia: 20:00etan Erandioko Altzaga auzoko metro-irteeran.
Domekan bertan, sexu-abusu bat pairatu zuen adin txikiko emakume batek Gasteizen. Alde Zaharreko taberna bateko komunetan, ukituak egin zizkion gizonezko adin txikiko batek, emakumeak berak salatu duenez. Gizona inputatu egin dute, baina adina tarteko, ez dute atxilo eraman. Fiskaltzari dagokio orain gertakariak kalifikatzea.
Iruñean jazo da beste sexu-abusu bat, Sanferminen baitan. Astelehen goizean egin zion eraso gizonak emakumeari, komun publikoen bueltan. Erasoa gertatutako inguruetan atxilotu zuen Iruñeko Udaltzaingoak erasotzailea. Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, emakumearen salaketa jaso ostean erasoa ikertzen hasi da Foruzaingoa.