argia.eus
INPRIMATU
Espetxeetan koronabirusari aurre egiteko neurriak hartzea exijitu die hainbat elkartek Espainiako Gobernuari eta Espetxe Erakundeei
  • Besteak beste, 70 urtetik gora dituzten, eta haurdun edo gaixo dauden presoak askatzea eskatu dute. Eskakizunak txosten batean jaso dituzte Espainiako Estatuko hainbat elkartek, tartean egonik Salhaketa, Etxerat eta Sare.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 23a

Apirilaren 23ko ostegunez, Espainiako Barne Ministro Fernando Grande-Marlaska agerraldia egitekoa zela probestuz, Espainiako Gobernuko hainbat diputaturi txostena helarazi diote elkarte sinatzaileek. Bertan, espetxeetan koronabirusari aurre egiteko zein presoen eskubideak eta duintasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak xedatu dituzte. Besteak beste, ondoko presoak aske uztea eskatu dute: 70 urtetik gorakoak, gaixotasun larriak edo kronikoak dituztenak, eta haurdun daudenak.

Aipatu dutenez, eskakizun hau egiteko arrazoietako bat da indartzea Diputatuen Kongresuko hainbat talde politikok martxoaren 23an egindako eskaera. Orduko hartan ere koronabirusaren agerpena tarteko presoek bizi zuten egoeraren berri eman zitzaion Espainiako Gobernuari, eta presoen eskubideekin errespetuzkoak ziren neurriak hartzea exijitu zuten. Alabaina, eskaera horiek erantzunik ez dutela izan azpimarratu dute txostenaren sinatzaileek.

Salatu dute Espainiako Barne Ministerioak eta Diputatuen Kongresuko Barne Batzordeak ez dituztela nazioarteko erakundeek emandako printzipioekin bat datozen neurriak hartu, presoen eta horien senideen egoeraren aurrean ez ikusiarena eginez.

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hartutako neurriei dagokienez, hainbat kontu salatu dituzte: preso eta funtzionario guztientzako haina test eskuragarri ez jarri izana, espetxeen errealitatea kontuan hartzen duen asistentzia eta prebentzio planik egin ez izana, osasun langileen plantilla indartu ez izana, eta bitarteko telefoniko zein telematikoak preso guztien eskura ez jarri izana. Hori gutxi ez, eta gaineratu dute Espainiako Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Nagusiak (MUFACE) asteazkenean onartutako protokoloa berandu iritsi dela, eta soilik funtzionarioei zaiela baliagarri.

Komunikazioa eta arreta bermatzeko eskaria

Aurreko eskakizunez gain, presoen komunikazioari loturiko eskariak era egin dituzte. Martxoaren 12tik gaur arte mantendutako zenbait neurri atzera botatzea eskatu dute, “gutxienez, eta lehenbailehen, familiekin eta hurbileko pertsonekin kristalezko komunikazioak” egin ahal izateko. Horretarako, hori bai, osasun neurri egokiak hartu beharra azpimarratu dute.

Horrekin batera presoen artean eman daitezkeen problematika ezberdinak –adikzioak, arazo psikologikoak…– artatu daitezen, espetxeko barruko jarduna berrekitea ere eskatu dute.