argia.eus
INPRIMATU
Tattoo Circus
“Espetxeen aurkako eta presoen aldeko mezua gorputzak moldatzeko kulturarekin uztartzen dugu”
  • Maiatzaren 17, 18 eta 19an Tattoo Circus Euskal Herria Topaketen laugarren edizioa ospatuko da Bilboko Karmelan. Egitarau anitz eta oparo baten inguruan ehunka pertsona erakartzen ditu ekimen herritarrak, edizioz edizio gehiago. Hamarnaka lagun daude antolakuntzan haien aletxoa jartzen, eta Oihana Alberdi Elorriaga haietako bat da. Berarekin mintzatu da ARGIA.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko maiatzaren 16a
Tattoo Circus Topaketen aurtengo edizioko kartela

Noiz eta zertarako sortu zen Tattoo Circus?

Tattoo Circus espetxeen aurka eta presoen alde egiteko erreminta da, topaketa forma hartzen duena. Hori guztia gorputzaren moldakuntzak oinarri duen kulturarekin uztartzen da, besteak beste: tatuaje, piercing, zulatzeak edo eskarifikazioa.

Lehen edizioa Erroman egin zen 2007an. Geroztik Europako hainbat hiritan antolatu da, lekuan lekuko izaera propioak garatuz. Euskal Herriari dagokionez, 2012an Eibarreko gaztetxean izan ginen lehenik, eta Bergarakoan bi urte geroago. 2017an Donostiako Añorga auzoko Firestone Lantegi berreskuratuan antolatu genuen. Bilboko Karmelan prestatu dugun aurtengoa, beraz, Tattoo Circus Euskal Herria Topaketen laugarren edizioa da.

Tatuajeak, piercingak, eskarifikazioa... ez da oso mundu ezaguna jendartean, baina Tattoo Circusek ikusgarritasuna ematen dio.

Edizioz edizio jende gehiagok ezagutzen du Tattoo Circusen funtsa, eta partaidetza handia izaten da. Egunero 250-300 bazkaritik gora eman izan dira, eta jendearen joan etorria itzela da uneoro. Masajeak, Shibaria eta suspentsio askea gero eta publiko gehiagorengana heltzen dira. Tatuaje, zulatze eta piercing-ak egiteaz gain, proposaturiko beste eskaintzei ere ondo erantzuten dio jendeak.

Karmela oso espazio handia da, eta halere betetzea espero dugu. Ematen du eguraldia ez dugula lagun izango asteburuan, baina karpak jarriko ditugu eraikinaren kanpoaldean ere eroso egon gaitezen.

Igande arratsaldeko Cabareta “ikusgarria” izango dela diozue.

Kabareta Tattoo Circuseko indarguneetako bat da, jende asko elkartzen da ikusteko. Artista eta adierazpen artistiko oso desberdinak batzen ditu emanaldiak, oinarri komun baten inguruan. Espektakulu bizia eta entretenigarria izan dadin saiatzen gara: hiru orduko iraupena du eta halere laburra egin ohi da.

Zer beste gauza nabarmenduko zenuke aurtengo egitarautik?

Pertsona guztiak eroso egon daitezen saiatu gara: hitzaldietan itzulpen zerbitzua egongo da gaztelaniara, euskarara eta keinu hizkuntzara –euskara lehenesten dugu­–; arauz kanpoko funtzionaltasun fisikoak dituzten pertsonentzat egokitu ditugu espazioak; gatazka protokoloa garatu dugu telefono bat eta gune bat egongo dira inork beharrik izanez gero.

Otorduei, edatekoei zein saltzeko materialei dagokionez, ahal izan dugun heinean bidezko merkataritzara eta tokiko produktu ekologikoetara jo dugu. Presoei idazteko txokoa egon da, Suspensing askeak egiteko aukera, tatuatzaile kopuruak gora egin du…

Asko gara antolakuntza lanetan gabiltzanak, baina Tattoo Circusa denon artean aurrera ateratzea nahi dugu. Inork ez du inorentzat lan egiten bertan, beraz, errespetuz jokatu eta parte hartu!

Karmelako topaketen egitaraua