Ostegunean, PSE, EAJ, Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu alderdiek espetxe-politikari buruz eztabaidatuko dute lehen aldiz era integral batean Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak egongo dira bertan, PP izan ezik.
Foro Sozial Iraunkorra lanean ari da alderdi politikoekin eta sindikatuekin presoen gizarteratzeari begira, elkarrizketa aldeaniztunen bidez. Gaur egun, konfiantza eraikitzeko fasean daude murgilduta. Joan den abenduaren 4an, Bilbon dagoen Bizkaiko Abokatuen Elkargoan egindako prentsaurrekoan honakoa adierazi zuten, elkarrizketa multilateral hauei buruz: "Datozen asteotan emaitzak ikustea espero dugu. Eztabaiden edota akordioen forma hartuko duten emaitzei buruz ari gara".
Lehen akordioa gaixo dauden presoen inguruan eta kartzela politikaren eskumenaren inguruan lortu zuten Eusko Legebiltzarrean. Baina beste pauso bat emateko beharra ikusita, indar politikoen arteko eztabaida publiko bat egitea proposatu zuten.
Ildo horretan kokatzen da ostegunean 17:00etatik aurrera Foro Sozial Iraunkorrak antolatu duen mahai ingurua, "Garai berrietan espetxe politika berria" lemapean. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak izan dira gonbidatuak.
Parte hartuko dutela konfirmatu dute Amaia Arregik (EAJ-PNV), Julen Arzuagak (EH Bildu), Rafaela Romerok (PSE) eta Andeka Larreak (Elkarrekin-Podemos). Legebiltzarkideak izateaz gain, denak dira beraien alderdi politikoen exekutibetako kide. PPk parte ez hartzea erabaki du.
Moderatzaile lanetan Teresa Toda arituko da, kazetaria eta Foro Sozial Iraunkorreko kidea. Antolatzaileek azpimarratu dute espetxe politikaren inguruan era integralean eztabaidatuko dutela euskal alderdiek lehen aldiz publikoki.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.